Ene ibilbidea

Beñat Soule Haristoy-(r)en argazkia Beñat Soule Haristoy 2024-05-08

Ene ibilbidea –

Biografia laburra

Sortua naiz 1947ko urtarrilaren 8an, Irisarrin, Baigura auzoko baserri batean. Aita Irisarrikoa zen, ama, aldiz, Armendaritzekoa. Zortzi senide gaude, ni hirugarrena. Etxetik hurbil genuen eskolan egin nituen ikasketen lehen urratsak. Hamalau urtetan Angeluko Cantau kolegio lizeora jo nuen etxegintzako ikasketentzat. Hiru urteren buruan gaitasun agiria bildu, urte bat gehiago luzatu nuen diseinu teknikoa lantzen, etxegintzan langintzak kudeatzeko. Hogeita sei urtez enpresa berean lan eginik, laneko istripu batek geldiarazi ninduen. Langabezian zonbait hilabete, arteko kontratu labur bat, eta sartu naiz Uztaritzeko elbarrituen zentroan eta egonen 2007an jubilatu arte. Ezkondua, bi semeren aita: Peio (2001ean zendua) eta Patxi. Uztaritzen bizi naiz.

Ene ibilbidea

Euskarari eta bertsolaritzari ohartzea

Gurasoak euskaldunak nituen. Etxean euskaraz hitz egiten dugu. Haur garaian, nahiz irakaslea euskalduna izan, frantses legea segituz, debekatua zitzaigun eskolan euskaraz hitz egitea. Orduko egoera. Nire aita zenak, umorean zelarik edo etxean giro zenean, kantatzea maite zuen; beti ziren bertso idatzi batzuk, edozein doinutan, nahiz ez nekien orduan noren bertso eta doinuak ziren, baina ohartu nintzen beti lerro muturrak errimatuak zirela. Hiru koaderno bazituen kantuz beteak. Maite zuen ere zirtoka hitz egitea, irri eginaraziz (ez beti). Ez da nire aita bertsolaritza bat-batekoari lotu, baina idatziz baditu batzuk eginak. Maite zuen herriko jai edo beste kasuz bertsolariak bazirelarik entzuterat joatea. Orduko izarrak hemen ziren gehienbat Mattin eta Xalbador. Nire aitona Beñat Soule (aitaren aita) ezagutu ez dudana (ni sortu gabe zendua zen), hura ari izan da bat-batekoan XIX. mende azkenean eta ondokoaren hastapenean Lore joko eta Euskal Bestak sariketa batzuetan eta kasu berezi zerbait zelarik. Baina hamar haur izanez, bertsolaritzak ez zuen orduan familia hazten, ez zuen hortan karrera handirik egin.

Gai jartzaile lanetan hastea

1975ean Irisarrin gazte zenbait bildu ekintza bat antolatu asmotan eta proposatu nien bertso saio bat. Denek onartu zuten. Ondoko biltzar baten ondotik jo nuen Itsasurat (entzutea banuen, ezagutzen ez), Mixel Itzainarenganat. Bisita emankorra izan zen. Erabaki genuen bertso saioa antolatzea Eguberri arratsaldez Irisarriko Aterbea aretoan. Areto hortan antzerki asko ematen ziren garai hortan. Guretzat lehen aldikotz Mixelek deitu zituen saiorako sei bertsolari: Xalbador, Mattin, Ezponda, Xanpun, Alkhat eta Mendiburu. Mixelek eskaturik saiatu nintzen gai egiten eta lagundu ninduen bertze batzuekin. Saio eguna etorri eta gai jartzaile nintzen. Aretoa entzulez betea, pozik gelditu ziren. Ondoko urtean ezkontzaz bertze biderik hartu nuen, gai jartzaile lana utzi gazteago bati, baina urtero ibili naiz saioen entzule 1985 arte. Ez da geroztik saiorik egin.

Elkartean sartzea

Jatsun 1981ean lantegietaz izan zen batzar baten ondotik Alkhat eta Lakarekin hitz eginez bultzatu ninduten urte bat lehenago sortu zen Bertsularien Lagunak elkarteko kide egitera. Elkartekide ziren orduan: Mixel Itzaina, Mixel Lekuona, Ernest Alkhat, Txomin Ezponda, Jean Louis Hariñordoki Laka, Fermin Mihura eta Panpi Etxegoin. Segituan bazkidetu nintzen. Ordutik urte oroz gaur arte bazkide nago, bat gaudela geroztik sortu Bertsozale Elkartearekin. Bertsularien Lagunak elkartean lehendakari Alkhat eta Mihura egon diren garaian lagundu ditut antolaketa lanetan eta idazkaritzan.

Ene ibilbidea

Gai jartzaile lanera berriz

1982an galdeak ukanik gai jartzaile lanari berriz lotu nintzen ibiliz hainbat herritan: omenaldi, estreinaldi, kermeza, bertso afari, aste kultural, saio berezi. Xilabako bertsolariek parte hartu dute urte luzetan Nafarroako txapelketetan; hor ere galdea izan nuen aurkezle lanerako eta segurtatu hiru urtez (1991-1993).

Epaile lanetara

1993an Emile Larre apezak adierazi zuen bere epaile lanen uztea; ordezko bat beharrez galdegin zidaten. Baiezkoa eman nuen. Banituen bilduak bertso epaitzeko iritziak eta aitor dut askitto ongi heldu naizela. Orduko hemen epaile ziren Mixel Itzaina eta Panpi Etxegoin. Beren aholkuez ere lagundu naute. Geroztik formakuntza segitu, ahal nintuen guziez joanez berekin Elizondora, bertan ezagutuz Jose Urroz, Mikel Bujanda, Patxi Larretxea eta beste. Lehen saioa epaitu nuen Saran 1994an. Asko ekitaldietarat hedatu da nire epaile lana geroztik: Nafarroako, Xilabako, eskolarteko txapelketa, sariketa eta bertso idatzi lehiaketak. Txapelketa Nagusian parte hartu behar nuen 1997an; urte hortan ez zen Xilabako bertsolaririk lehian eta ez zen epailerik hartu. Berriz eskatu zidaten 2001eko Txapelketarako epaile ordezko bezala. Onartu bai. Bi saio epaitu behar nituen: kanporaketa bat Donibane Garazin eta finalaurreko bat Hendaian. Lehena egin nuen, baina bigarrena baino zonbait egun lehenago nire seme lehena Peiok bizia galdu zuen bideko istripu batean. Hendaiako saioa hurbilegi zen; antolatzaileei adierazi nien zaila zitzaidala saioan parte hartzea eta ordezkatua izan nintzen. Epaile lanak segitu ditut 23 urtez, azkena eginez 2016an eskolarteko txapelketa batean.

Ene ibilbidea

Neurtizlari Bertsulari Iparraldez liburua

1995aren hasieran Bertsozale Elkartetik etorri zen galde bat: Iparraldeko bertsolarien zerrenda bat osatzea bakoitzaren biografia eta karrera aipatuz. Martxoan bildu ginen Itsasun Mixel Itzaina, Mixel Lekuona eta ni, lan hori nork egin ikusteko. Bi Mixelek ezinezkoa izanez, niri galdatu zidaten. Lan istripu baten ondorioz, langabezian nintzela zonbait hilabetez, onartu nuen lan egitea. Paper modelo batzuekin saiatu nintzen lehenik bizi zirenak bisitatzen, hitz egiten eta guztia aipatzen. Ondotik, azken hamarkadetan zendu batzuen aldi familiei egin bisitekin. Nire papertxoekin Mixel Lekuonak bi koaderno moldatu zituen. Lanak ikusita, ohartu nintzen ez zihoala bide onetik eta itxura gabeko koadernoak zirela. Oso alderantziz ari ginen ordu arte eta erabaki nuen lana nire gain hartzea. Ordutik ikerkuntza lan luze bat abiatu nuen bertsolarien karrerak eta lanak ikertuz. XX. mendekoen liburu batzuek lana erraztu zidaten. XIX. mendekoentzat orduak eta orduak pasa ditut aldizkari eta kazetak irakurtzen lau liburutegitan: Baionan euskal erakustokian, udal mediatekan, Bellokeko frailetxean eta Uztaritze Goienetxe liburutegian. Horier gehitu artxibo eta herriko etxeetara jo orduak. XIX. mendean bertsolaritza (Lore Joko edo Euskal Besta) aipatzeko frantses kazetak ziren bakarrik. Ekitaldietan gehien baloratuak ziren idatzizko bertsoak. Bat-bateko saioak ere egiten ziren, 1856koak aurkitu ditut lehen emaitzak. Saioak grabatu ezean, ez ziren baloratuak, sailkapen huts batzuk dira bakarrik agertzen. Halere, borobildu nuen lan erraldoi bat. Eskerrak obraren aurkezteko nire ondoan lan egin dutenei: lehenik nire seme Peiori (zendu arte) eta ondotik nire anaiari, Peio bera ere. Liburu bat agertzeko xedea harturik irarkola bat mintzatu nuen; hunek baia eman eta segidarik ez. Bi argitaletxe probatu, batek ezezkoa, bertzeak onartu, lan bat moldatu, baina liburuaren formatua ez egokia izanez, lana ezin ulertua nuen. Utzi nuen segidarik eman gabe. Zerbait nuela egina jakinik Euskaltzaleen Biltzarra elkarteko hiru kide etorri ziren etxerat obra ikusteko. Baliagarri kausiturik erabaki zuten publikatzea. Lana bukatu, hitzordua hartu eta hiru lagunek hartu zuten Zornotzako bidea irarkola batean aurkezteko. Onartu zuen eta liburua inprimatu gure maketazioa osoki segituz, 2011. urtea zen. 300 orrialde inguruko obra. Liburuaren lehen aurkezpena egin nuen sorterrian Irisarriko Ospitalea liburutegian. Gehienak salduak dira, bakar batzuk gelditzen dira oraino. Esker onez, Euskaltzaleen Biltzarreko kide egin naiz, bertan nagoela geroztik. Liburuko azken bertsoak:

 

Doinua: Irungo pilota partidarena

 

Urte eta mendeak segituz doazi

Ipar haize saminak iratzarrarazi

Kantuko ohidurak egiten dit grazi

Izan dadin Lapurdi, Xubero, Garazi

Lur hunek bertsulari asko ditu hazi

Liburu huntan dire ezagutarazi

 

Gernikako haritzak handi du itzala

Iparralde osora hedatu dezala

Haren gerizapean sar gure hegala

Euskadik nortasuna behar du zabala

Arbasoek bertsotan lehenago bezala

Kantuz zazpi anaiak elkartu gaitzala

 

Nahiz saminki sendi hizkuntz arazoa

Euskarak ez agian galdu balioa

Bainan bertsolaritza hiltzerat ez doa

Zonbaitek dute hartu zaila den ildoa

Bertsoz alaituko da aitortzera noa

Hasi berri berri den milenarioa

 

Gazte multzoa beraz hasia bertsotan

Helduek dutelarik segitzen lanetan

Ama Euskal Herria dago beharretan

Ez zaiteztela geldi gaur bide erditan

Elkartuko zarete liburu honetan

Beharrezko baitago hau doblatzekotan

 

B.S.

Kazetaritza

Idatz gogoa bainuen, hasi nintzen 1988an Herria astekariari bertsolaritzaz berri emaiten bereziki txapelketa edo sariketak zirelarik edota Bertsulari Ttiki antolatua zelarik. 1999an Maixan Minaberry, olerkari ezagun eta Uztaritzeko berriketari zenak adierazi zuen bere kazetaritza lana uztea, niri eskatuz segida hartzeko. Baiezkoa emanik saiatu nintzen nahiz hasiera zaila izan. Oso erdaldun egina den herri hunetan zaila zen berrien biltzea udaletxe edo elkarteenganik edo nonahitik. Nahiz esku idatziz hasi, laster informatika formakuntza eginik hau geroztik baliagarri zait. Orai Uztaritzek euskarari indar bat egin dio asko erakunderenganik; kazetaritza lana segitzen dut errazkiago. Noiz arte? Geroak erranen.

Ene ibilbidea  Ene ibilbidea  Ene ibilbidea  Ene ibilbidea  Ene ibilbidea  Ene ibilbidea