Ez dut inor barrundatzen bertso zaharrak kantatzen

Rufino Iraola-(r)en argazkia Rufino Iraola 2016-09-16

Ez dut inor barrundatzen bertso zaharrak kantatzen –

Ez nuke izan nahi errepikakorregia nire bertsozaletasun-historiari dagokionez, baina onartuko ahal didazue aipamentxo bat bederen egitea, lehen ere inoiz esan izan dudanaren gainean: bertso-giroan murgildua etorri nintzen mundura, hurrengo bertso honetan gogoratzen dudan moduan:

Mutil koxkor bi katornaturik
bere bi belaun gainetan,
bertso kantari jarduten zuen
karrerako eskaileretan;
hi, Sebastian, ni bezalaxe
oroituko haiz horretan…
gure horrelaxe haziak gara
anaiaren besoetan.

(Sebastian –anaia gazteena– eta biok anaia zaharrenaren besoetan).

Gure familiak bertsozale (batzuen ustetan bertsolari ere bai) izatearen fama izan du herrian eta inguruan. Baina nik uste eszena berdintsuak toki askotan errepikatuko zirela Euskal Herrian zehar. Ohikoa zen komodako kajoian, koltxoi azpietan eta abarretan bertsopaper ugari gordetzea, gero handik atera, buruz ikasi eta okasioa zen guztian kantatzeko, bai etxean bertan eta bai lagunarteko otorduen mahaiondoko moduan.

Bertsoz ‘kutsatua’ zegoen dena. Hasteko eta behin, ez zen bertsolari ‘profesionala’ izan behar bertsotan aritzeko: behin ordu batzuetatik aurrera, edozeinek egingo zizun bertsotan. Toki askotan, baserritar batzuk nekez itzuliko ziren azokatik etxera, tarteko tabernan bertsotan egin gabe. Esan daiteke bertsoa guztiz funtzionala zela: Gabonetako kantak bertsoak ziren, elizako kanta asko ere bai, herri-kanta ugari bertsoak ziren, sehaska-kantak zer esanik ez… Horrez gain, aski da Auspoako Ezkontza galdukotako bertsoak gogoratzea, edo bertsotan egindako hainbeste kronika; askotan kronika beltzak. Edo esanguratsua zen esaldi hau ere: “Habil tentuz, bertsoak ateratzea nahi ez baduk”.

Zavalaren hauspoa liburua publikatu ostean Felix Ibargutxik egin zion elkarrizketan honela zen mintzo Pello Esnal: «Askotan aipatzen zuen Basarrik: eskerrak bertsolaritza atera genuen taberna-zulotik antzokira. Baina zer gertatu zen? Bizi-mundutik atera zutela eta pixkana-pixkana espektakulu bihurtu. Eta orain lanak bertsolaritzak espektakulu-mundutik bizi-mundura etortzen. Hortxe du erronka nagusia».

Ez dut inor barrundatzen bertso zaharrak kantatzen

Gaur egun ez da posible, bertsoekin, Bilintxek, Pello Errotak, Xenpelarrek, Txirritak, Lazkao Txikik eta abarrek lortu zuten arrakasta lortzea. Ezinezkoa da. Pentsatzen dut nirekin, agian, inor ez dela ados egongo. Eta orain urtero egiten diren bertso-saioen kopurua, telebistako audientziak, txapelketen arrakasta, gaurko profesionaltasuna, bertsolaritzaren inguruan sortu den azpiegitura sendoa… aipatuko dizkidate. Hori dena ondo dago, eta beharrezkoa izango da egungo testuinguruan. Baina horrek guztiak ez du demostratzen bertsolaria herrian txertatuagoa dagoenik eta arrakasta handiagoa duenik.

Orain dena ‘erabili eta bota’ da. Gaur egun bertsoak ez du betetzen ziklo osoa, ez bat-batekoak eta ez bertso jarriak.

Orain dena ‘erabili eta bota’ da. Gaur egun bertsoak ez du betetzen ziklo osoa, ez bat-batekoak eta ez bertso jarriak. Jende gehienak pentsa lezake ez dela beharrezkoa ziklo osoa betetzea, eta normala ‘erabili eta bota’ izatea. Lehen ziklo osoa betetzen zuen bertsoak, hau da, bertsoa entzun edo irakurri, herriak gogoan hartu eta kantatu. Inori ez zaio burutik pasatzen bertsolariek kantaturiko bertso guztiak gogoan hartzen zirenik; ez horixe; baina, han eta hemen, batzuek eta besteek, sorta politak bai. Gainera, beste kontu bat ere bazen: bertso beraren bertsio bat baino gehiago azaltzen dira zenbaitetan. Bertsoa bera batek baino gehiagok jasoko zuen, eta gero aldaketa txikiren batekin erreproduzitu.

Orain, Antonio Zavalaren hitz batzuk gogoratuko ditugu. Hauek ere Esnalenen ildo beretik: «Lehen herriaren bizia eta arima ziren ohitura zaharrak espektakulu bihurtu dira: beste apaingarri mota bat. Gure herri-poesiarekin ere horixe gertatu da, lehengoa Bizia zen». Eta behin honetan garenez gero…

Ez dut esango, Patziku Perurenak bezala, ‘bertsolaritza Txirritarekin amaitu zela’; bai, ordea, lasai asko, bertsolaritzaren aro bat eta bertsolaritza molde bat (bertsolaritza ez- orientatua) harekin amaitu zela. Horren harira, amaitzeko, Bernardo Atxagaren hitz batzuk gogoratuko ditugu: «Jakina den bezala, joan den mendeko 30eko hamarkadan hasi zen ikuspuntu-aldaketa hura 60koan gorpuztu zen, eta erabat indartu, mende bukaeran».

Ez dut inor barrundatzen bertso zaharrak kantatzen  Ez dut inor barrundatzen bertso zaharrak kantatzen  Ez dut inor barrundatzen bertso zaharrak kantatzen