Hitzen boterea

Elena Caballero Villanueva, Elena Caballero Villanueva, "La Basu" 2021-10-14

Hitzen boterea –

Bertsolari bat entzun nuen lehen aldian, ni oso txikia nintzen, eta benetan txundituta geratu nintzen melodiak a capella abesten zituen eta istorioak kontatzen zituen gizon serio hura entzutean.

Hitzen boterea
Arg: Tabakalera

Are handiagoa izan zen sorpresa, aitak onartu zidanean letrak ez zituela aurrez idazten eta une horretan bertan asmatzen zituela…

Nola zen hain azkarra gizon hori?
Nola topatu zezakeen esaldi perfektua hain denbora laburrean?
Zergatik ez zen sekula zer esan jakin gabe geratzen?
Zenbat hitz zituen buruan?
Zergatik ziren beti gizonak? Emakumeek ez zuten hori egiten?

Beti izan nintzen irakurtzea eta idaztea maite zuen neska ipurterrea.

Milaka istorio idazten nituen nire koadernoetan, eta ez nizkion inori erakusten, lotsa ematen zidalako. Baina botere hori istorioak kontatzeko erabiltzen nuen.

Nire herriko liburutegian ipuin lehiaketa bat antolatu zuten behin, eta izena eman nuen. Han eman zidaten jaso nuen lehen saria, eta horrek idazten jarraitzera animatu ninduen.

90eko hamarkada erdialdean rapa ezagutu nuen.

Gogoan dut lagun batek gaizki grabatutako kasete bat utzi zidala. Hasiera-hasieratik erabat maitemindu ninduten bonbo eta kutxa batzuk entzuten ziren zinta hartan. Ingelesez kantatzen zuten, baina melodia eta jarrera hura… beste maila batean zegoen.

Konturatu nintzen erritmo horietan nire istorioak sartuz gero… rapa izango zela! Edo hip hopa! Edo zinta horietan entzuten nuen hori…

Hor hasi nintzen hitzekin eta melodiekin jolasten, primeran pasatzen nuen inprobisatzen eta nire istorioak kontatzen.

Bat-batean gogoratu nuen nola aitak kontatu zidan bertsolari hark inprobisatu egiten zuela… Ni ere hori egiten ari nintzen, baina nire erritmoa askoz ere bortitzagoa zen, eta une batzuetan kantatu eta dantzatu ere egin nezakeen.

Sekula ez nuen ikusi bertsolari bat dantzan inprobisatzen zuen bitartean, beti zeuden geldirik, serio, eskuak bizkarrean.

Kantuak sortzen hasi nintzen, oso txarrak gainera, baina beti hobetzeko jarrerarekin. Ez nuen inor ezagutzen Bilbon musika hori entzuten zuena, are gutxiago trikimailuak edo kantuak egiteko modu ezberdinak erakutsiko zizkidana. Internet ere ez zegoen.
Nire lagunek gorroto zuten musika hori, nire gurasoek ez zuten ulertzen, eta 3 zintak birbobinatzen jarraitzen nuen, dagoeneko buruz jakin arren.

Euskal Herrian punka, rocka, euskarazko musika entzuten zen, baina rapa… Rapa kanpotik zetorren musika zen, eta ez zegoen ongi ikusia.

Estetika hori drogekin lotzen zen, jende gatazkatsuarekin eta mezu oso zuzenekin. Ez zuen lekurik euskal folklorean, hemen bagenituen jada inprobisatzen zuten gizonak, istorioak kontatzen zituztenak, euskaraz, eta itxura benetan dotorearekin.
Idazten jarraitu nuen, kantuak sortzen, inprobisatzen, eta urte batzuk igarotakoan, horiek grabatzea eta lagun eta senideekin elkarbanatzea erabaki nuen.

Bertsolariek ez zuten diskorik kaleratzen?

Bertsolaritza gertuagotik jarraitzen hasi nintzenean jakin nuen bazirela emakume bertsolariak, oholtzakide izan ditudan emakumeak, eta haiekin rapa eta bertsoak batzea ere lortu dugu.

Azken batean, egiten duguna ez da horren ezberdina, hitzekin egiten dugu jolas, istorioak sortzeko, hitzen botereak indartsu egiten gaitu.

Hitzen boterea Hitzen boterea