Adin-adin egitasmoa: Denborak gal ez gaitzan

2021-10-15

Adin-adin egitasmoa –

Testua: Elixabet Etxandi
Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

 

 

Egoitzaz egoitza ibili dira bertsolariak kantuz, Adin-adin deitutako proiektuarekin, adinekoei poza eta euskal kultura eskaintzeko. Pandemia urtean, egitasmoa bertan behera geratu da, baina gerora begira, Adin-adinek ez du oraindik azken hitza esan. Egoitza gehiagotara zabaltzeko erronka azaldu zaie antolatzaileei, bertsoa tresna itzela izan daitekeelako bizitasuna emateko eta une latzenak goxatzeko.

Adin-adin egitasmoaZer dauka errateko zahartzeaz oraindik 20 urte dituen gazte batek? Zer daki zahartzeaz oraindik denboraren onurak bakarrik ezagutzen dituen horrek? Askok zahartzearen ikuspegi negatiboa soilik darabil gogoan. Terentzio poeta erromatarrak halaxe zioen, “zahartzea, bere horretan, gaixotasun bat” zela. Idealizazioan erori gabe, beste asko gaude sinetsi nahian denborak sorpresa onak gordetzen dizkigula oraindik bizitzaren une nagituenetan ere, nahiz eta azala zimurtuta eta ilea urdinduta bizi. Sorpresa horietariko bat litzateke, agian, Adin-adin egitasmoa, 2016. urtetik Lankuk adinekoen egoitzetan aurrera daraman ekimena, “bertsoa ardatz, adineko pertsonen gaitasuna sustatzeko”.

Sebastian Lizasori zor omen diogu ekimenaren sorkuntza, berak bota omen zielako ideia, adinekoen egoitzekin zuen harreman estua zela eta. Egia da, askotan, bertsoaz ari garenean, transmisioaz kezkatzen garela: nola irakatsi, zein formatan helarazi mezuak, nola zaletu belaunaldi berriak… Baina bada bertsoa ikasi gabe ere behar duenik, eta badira bertsoak bisitatzen ikasi beharreko esparru berriak ere; transmititzeko, bizitzeko eta biziarazteko. Izan ere, bertsoak, beste jarduera kultural gehienek bezala, finean, une zailenak goxatzeko eta alaitasuna transmititzeko ere balio dezakeelako; bertsoaren azalberritzeaz aparte, maiz ahazten zaigulako kulturak lokailu funtzioa ere baduela. Hain anakroniko eta lekuz kanpokoa ez da, beraz, adinekoen egoitzetan bertso saioak egitea; jakinez, gainera, belaunaldi zaharrenek ere badutela zer esana garai bateko bertsolaritzaz eta oroitzapenez.

2016an jarri zen martxan ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako Menpekotasun sailak baieztatu ondoren. Zehaztu aurretik, soilik proiektu pilotu bat egin nahi izan zen, lau saioz osatua. Dena dela, nola aterako zen bada gaizki bertsoa eta adineko jendearen arteko harremana? Proiektu pilotuaren ondoren, arrakastaren eraginez, saio gehiago antolatu eta formalizatuko zirela erabaki zen. 2017an, 11 saio antolatu ziren Gipuzkoako egoitzetan, eta geroz eta kantagune gehiago gehitu zitzaizkion zerrendari, 2018an 14 eta 2019an 16 egoitzatara iritsi arte.

 

Pandemiaren etenaldia

Hala eta guztiz ere, jakina den moduan, COVID-19aren zabalpenak 2020an mundua pausan jarri zuen, eta Adin-adin bezalako ekimen kulturalak atzeratu egin behar izan ziren pandemiaren ondorioz. Dena den, nahiz eta iaz egoeragatik proiektua bertan behera gelditu, aurten, ekimenari berriz heltzeko asmoa adierazi dute antolatzaileek, egoitza gehiagotara iritsiz, ahal den heinean. Egia da pandemia urtean, begi bistako arrazoi askogatik, egitasmoarekin aurrera egitea delikatua izan zitekeela, gaixotasunaren arriskuek eta zabalpenak eraginik. Baina aurten martxan jarri den txertaketa politikak neurri murriztaileak aldarazi egin ditu, izan gizartean zein adinekoen egoitzetan. Konfinamenduan lege zorrotzengatik egoera zail eta mingarriak bizi ondoren, dagoeneko negoziatu da proiektua aurten martxan jartzeko aukera; noski, testuinguruak eskatzen duenaren arabera eta aldaketetara egokituz.

 

Egitasmoaren berezitasunak eta helburuak

Adin-adinek bestelako bertso proiektuek ez duten berezitasun asko dauzka, hala nola adineko aitona-amonei eta zehazki, zentroetan daudenei, eskaintza kultural bat osoki ematea euskaraz, bertsoak dauzkan potentzialitate guztiekin: ahozkotasuna, tresna terapeutiko gisa duen funtzioa, zein ludikotasuna transmititzea. Adinekoen bizi kalitatea hobetzeaz gain, bertsoak gaitasun psiko-emozionalak lantzen ere lagun dezake, edukiak eta formak transmititutakoari esker. Dena den, kontuan hartu behar da publikoaren harrera oso subjektiboa izan daitekeela, adinak eta egoerek sortutako oztopoak direla eta. Hori dela eta, egitasmoaren helburuak askotan lortu badira ere, adinaren hauskortasunak jarduera baldintza dezake. Hala ere, erran daiteke orain arte emaitza oso positiboak atera direla proiektutik, eta momentu hunkigarriz jositako oroitzapenak eragin dituela askotan egoitzetako egoile zein langileengan, baita bertsolariengan ere. Besteak beste, emozioak, harremanak eta autoestimua landu ahal izan dituzte egoileek, bertsolariekin izaniko konfiantzazko eta errespetuzko elkar truke eta harremanaren bidez.

Horrez gain, bertsoa bertsolariarentzat memoria lana bada ere, entzulearentzat balio dezake oroitzapenen berpizteko eta oroimen tresnak martxan jartzeko. Proiektuan, askotan gertatu izan da egoitzetakoek berek bertso edo pasadizo zaharren botatzea eta bertsoaren gainean eztabaidatzea, dudarik gabe, egoera anitz aldatu delako beren garaitik hona. Txirrita baten bertso guztiak gogoz dakizkien horrek, gaur egun, panoramaz aldatutako bertsogintza bat dauka entzungai, eta horrek askotan aukera eman die gaztarora itzultzeko, konparatzeko eta uneaz gozatzeko, emozioek gidaturik. Bidea umorez egiteak ere asko lagun dezake momentuaz gozatzen eta denborak utzi dituen zaurien ixten, irria eraginez eta anekdota alaietan zentratuz. Horretarako, tertuliak ere antolatu izan dituzte saioekin batera, oholtzatik harago ere bi aldeek dakizkitenak elkartrukatzeko eta partekatzeko gisan. Belaunaldien arteko txokea baino gehiago, belaunaldien arteko batasunak giltzatzen ditu era honetako momentuak, eta Adin-adinek jakin izan du bertsoaren erabiltzen jendea jendearekin lotzeko eta norbanakoaren subjektibitatea jorratzeko.

Gainera, euskarari eta euskal kulturari dagokionez, garrantzi handiko ekintza da publiko ahalik eta zabalenari helaraztea eskaintza, baita adinekoei ere, gureak izan aurretik, hizkuntza eta esparru kulturala haienak izan zirelako, haiek landuak. Maiz, euskal kulturari modernitatearekin lotutako erronkak ezartzen dizkiogu, bere betiko lan ildoetatik ateratzeko eta berpizteko. Baina, bertsoaren kasuan, adibidez, entzuleria zaharrena ezin dugu eskematik kanpo utzi, bertsoa tresna garrantzitsua izan daitekeelako haientzat, beren buruak lantzeko eta euskal komunitatean kokatzeko. Horretarako, bertsoaz aparte, kulturaren bestelako aspektu batzuk ere sakondu dira ekimenean, adibidez, bertsoak musikatuz edo kantu tailerrak antolatuz saioen aurretik edota ostean.

Bertsoak, beste jarduera kultural gehienek bezala, finean, une zailenak goxatzeko eta alaitasuna transmititzeko ere balio dezakeelako; bertsoaren azalberritzeaz aparte, maiz ahazten zaigulako kulturak lokailu funtzioa ere baduela

 

Saio baten adibidea

Aspektu onuragarri horiek guztiak eta beste asko erakutsi eta esplikatu zituzten 2019an eginiko Hitzetik Hortzerako atal batean, zeinetan gabon garaian Donostiako Zorroaga egoitzan egin Adin-Adin saioa agertu zen. Bertan, egoitzako Agustin Jimenez langilearen lekukotasunak jada sakondu ditugun ideia asko barnebildu zituen, besteak beste, bertsoak izan dezakeen funtzio sozializatzailea; gainera, pertsona horientzako hain berezia izan daitekeen gabon garaian. Era berean, euskararen auzia aipatu zuen Jimenezek, euskaraz zekitenak eta ez zekitenak hurbiltzen zirela azalduz. Kasu honetan, bertsoak rol ezberdina bete dezake: lehenei, euskarazko kulturaz gozatzeko espazio bat eskainiz; eta bigarrenei, giro honekin sozializatzeko aukera emanez, nahiz eta edukia ez ulertu. Hala ere, bi kasuetan, bertsoak hitzez haragoko emozioen lantzea ahalbidetu dezake, momentu goxo bat eskainiz eta jendea batuz.

Asko dira Adin-adin ekimenean aurpegia eman duten bertsolariak eta bertan parte hartu dutenak. Hitzetik Hortzerako saioan, eman dezagun, Ane Labaka eta Andoni Egaña aritu ziren bertsotan Donostian, bi bertsolari belaunaldiren eta bertsokera diferenteen hautua eskainiz. Umorez eta goxotasunez beteriko saioa egin zuten orduan, gabon giroa baliatuz eta adinari loturiko pisutasuna kendu nahian. Halaxe bota zuen Labakak lehen agurrean “Bertsoen bidez etxe bihurtu/ nahi dugu zuen egoitza” kantatuz. Izan ere, zaila izan daitekeelako denena den etxe horretan norberak bere lekua aurkitzea eta bizitza berri bat hastea. Era honetako kezken usatzeko hor izan zen ekimena, eta Egañak berak umorez heldu zion zahartzaroaren eta egoitzaren gaiari, gabon giro bete-betean, hurrengo esaldiak kantatuz: “Olentzero bat han eserita/ bere blusa ta txapela,/ Hurreratzean konturatu naiz/ bertako aitona zela”.

 

Murua: ”Oso-oso adineko aktiboak topatu nituen (…) eta zainketan ari zirenek zuten horren meriturik handiena, geu ere beste inon ez bezala hartu, babestu eta zaindu baikintuzten. Hori da lanean eta egiten ari zarenean sinestea”

 

Bertsolarien ikuspegia

Ekimenean urteetan zehar antolaturiko saio askotan parte hartu dute baita ere Iñaki Murua, Oihana Iguaran eta Maialen Akizu bertsolariek, eta hirurek euren iritzi, oroitzapen eta sentitutako emozioen berri eman digute, erreportajea aberasteko. Berez, bertsolariei gertueneko egoitzetan kantatzea eskatzen zaienez, Iguaranek beti Tolosa aldean kantatu izan du, gehienetan Egaña edo Lizasorekin batera, esplikatzen duen bezala: “Genero ikuspegitik, bat eta bat izatea komeni delako, gizonezko bat eta emakumezko bat”. Horrek dakar, maiz, bi belaunalditako bertsolariak aritzea kantuan, emakumeak gazteagoak izanik, “50 urtetik gorako emakumerik ez dagoelako oholtza gainetan”, Iguaranek esplikatzen duenez. Ekimena sortu zenetik dabil kantari Oihana, eta Iñaki Murua ere antzera dabil, “Duela 5-6 urte hasi eta urtero samar joan izan” delako Lazkaoko, Legazpiko eta Beasaingo zentroetara. Akizurekin ere ibili zen bertsotan Murua Legazpin, eta bertsolari gazteak berak esplikatu digunez, lehen saioa Egañarekin bizi izan zuen Segurako egoitzan.

 

Iguaran: “Beti ikusten ez dugun errealitate bat berriz deskubritzea dakar egoitzetan kantatzeak, badakigulako adineko jendeak egoera horretan daudela zentrotan, baina gutxitan sartzen garelako haien egunerokoan eta intimitatean hain gertu”

 

 

Publikoaren harrera

Hirurek giro polit bezain berezi gisa gogoratzen dituzte bizitako saioak. Iguaranek dioenez: “Beti ikusten ez dugun errealitate bat berriz deskubritzea dakar egoitzetan kantatzeak, badakigulako adineko jendeak egoera horretan daudela zentroetan, baina gutxitan sartzen garelako haien egunerokoan eta intimitatean hain gertu”. Gainera, errealitate oso ezberdinak dauzkate publikoko parte hartzaileek ere, “arreta maila ezberdina dutelako: batzuek entzumena baldintzatua dute, besteek ez dakite euskaraz, eta horrek guztiak giro berezia sortzen du”. Akizuk, berak, harrera goxoak oroitzen ditu, eta oso saio eskertuak, kantatu izan duen saioetan egoiliar gehienak euskaldunak zirelako eta parte hartzera ere ausartu zirelako; hain zuzen, “bertso saioen artean kantatzeko kantuak” prestatu zituztelako. Muruak ere oso giro onak gogoratzen ditu, batez ere Arangoitiko zentroan, bertako koroak ere saioa animatu zuelako bizitasunez: “Baita Beasain mendiko artzain bertsolari ezaguna ere han zelako. Joan ginen bakoitzean bertso batzuk eginak izaten zituen eta hark ere bikaintzen zuen giroa”.

Ikus daitekeen gisara, egoitzetako publikoaren erreakzioa oso diferentea izan daiteke; jakina, haien egoerak ere baldintzatuta. Iguaranen ustez, momentuen araberakoa da publikoaren erreakzioa ere, gorabeherak egon daitezkeelako “jendea nola sentitzen den, publikoa nola dagoen, arretaz segitzeko aukera duten ala ez”. Maiz, hurbilekoak eta familiarrak egun horietan bisita egitera etortzen zaizkie egoiliarrei, eta horrek asko laguntzen omen du giroa goxatzen. Oro har, poza nagusitzen dela dio: “Egun berezia baita, non denak elkartuak diren eta zeinetan zainduak sentitzen diren, berentzako bakarrik antolatutako ekimen bat badutelako”. Iguaranek gehitzen duenez, ez da sekula belaunaldi arteko talkarik edo nabarmendu, gehienetan haiek eroso sentitzen diren gaien inguruan ere ari direlako bertsolariak kantuan, iraganarekin edo egoitzetako egunerokoarekin lotutako gaiekin. Muruak ere harrera eta erreakzio “bikainak” izan direla uste du, eta belaunaldien arrakalarekiko, bere ustez publikoa gazteenaren alde jartzen da gehienetan, berak German Urteagarekin  kantatu zuenean bezala: “German beste belaunaldikoa izanik, hark jaso zuen txalorik gehien eta, normalean, hala izan ohi da.” Akizuk, berak, beste era batera bizi izan du belaunaldien nahastea, Egaña eta Muruarekin kantatu zuenean: “Saioetan eurak ziren “bertsolariak”, ezagunak alegia. Eta ni nintzen “neska gaztea”. Baina gustura sentitu naiz, bai bertsokideekin (ez da beste belaunaldikoekin hain saio bilduan askotan kantatzen ), bai publikoarekin (arretaz eta ilusioz entzunak ginela iruditzen zitzaidan)”.

 

Besteak beste, emozioak, harremanak eta autoestimua landu ahal izan dituzte egoileek, bertsolariekin izaniko konfiantzazko eta errespetuzko elkar truke eta harremanaren bidez

 

Bertsolari emakumeen presentzia

Egia da, genero ikuspegitik ere, emakume bertsolariak kantuz ikustea ez zela gauza ohikoena garai bateko jendartean, jakina den bezala, emakumeak plazetatik at kokatu behar zirelako duela ez hain aspaldi arte bertsogintzan. Hori dela eta, Akizuk eta Iguaranek diotenez, ez zaie alde horretatik sekula talka handirik gertatu Adin-adineko saioetan. Oihanaren ustez, ez dute sekula ezberdin tratatu emakumea izateagatik, agian harrigarria zitzaiena gaztetasuna zelako, Akizuk zioen bezala, “neska gazte” bat ikustearekin sorpresa sortzen zitzaielako, positiboki. Horrela, Iguaranek dioenaren arabera, “emakume izatea ez da erabakigarria holakoetan, generoak ez du asko markatzen plaza, nahiz eta entzuleria hori ez dagoen ohitua emakume bertsolarien presentziara espazio publikoan”.

 

Pandemiaren eta une zailen aurrean, bertsoa goxagarri

Bestalde, ezin dugu ahaztu, aurrerago esan bezala, pandemiak ere asko kaltetu dituela zentroak, distantzia neurri zorrotzak eta babeserako protokolo zurrunak aplikatuz; askotan, adineko pertsonak senideengandik bakartuz eta sozialki isolatuz. Horrelako egoeretan, bertsoa bezalako tresna kulturalek izan dezaketen funtzio terapeutikoaz aritu dira hiru bertsolariak, eta Akizuren ustez, COVID-19aren aurretik ere bertsoa “errutinatik ateratzeko” baliagarria izan zitekeen. “Nobedadea” zen, bere ustez, eta era berean, lehengo ohiko sentsazio bat gogorarazten zien, eta hala bizi zuten egoiliarrek. Pandemian zahar etxeetako egoera bereziki izan da latza, eta bertsoaren funtzio sozial-kulturala are motibo gehiagorekin behar dela uste du. Bat dator Iguaran ere ideia horrekin, bere aburuz, “pandemiarekin egoera gogortu egin den arren, lan baldintzak jada zailak” zirelako egoitzetan langileentzat, eta horrek ez zuelako giroa arintzen aurretik ere. Haiek izandako greba eta lan gatazkak aipatu ditu, eta horrek egoiliarrengan zuen eragina. Halakoetan, bertsoa goxagarri izan daitekeela uste du, baina gaur egungo egoerarekin eta birusaren inguruan egina den mamu komunikatiboarekin, ez daki zein heinetan eta zein harrera motarekin onartuko diren kanpotik kantatzera datozen bi pertsona.

Hala ere, beti ere Iguaranen hitzetan, bertsoaren funtzio lokailua ezin da alboratu, askotan egoera politak sortu direlako bertsolari eta egoiliarren artean; bertsolariek zein adinekoek kantatutako bertsoen inguruan, kohesio giro bat azaleratuz, “festa konpartitu” bat. Bertsoaren bidez, autoestimua igotzen zaiela uste du, garrantzitsuak sentitzen direla, eta momentu “gozagarri zein goxagarriak” sortzen direla, denentzat baliagarriak: euskara dakitenentzat zein erdaldunentzat, bisitarientzat zein bertan daudenentzat. Murua ere ideia horrekin ados da, “bertsozaleei, noski, ilusioa eta bizipoza” ematen dielako ekimenak. Gainerakoei ere, berritasuna edo ezohiko ekintza eskaintzen die Adin-adinek, ongizatea eragiten diena eta egunerokotik zein errutinatik ateratzeko lagungarria zaiena. Gainera, Muruak erraten zuenez: “Zainketan ari ziren langileek zioten, sekula ezertan parte hartzen ez zutenak ere bertso saiora etortzeko irrikaz zeudela urtero eta ea gehiagotan zergatik ez gentozen esaten zutela”. Hala ere, bere arabera: “Argi zegoena zera da, emakumezkoak zirela gehien parte hartzen zutenak, eta iritzia nabarmentzen zutenak ere bai. Gizartean askotan bezala, adindutakoan ere emakumezkoa da dinamika daramana, nola koruan parte hartuz hala eskulanetako tailerretan nahiz besteei txaloka”.

 

Euskarari eta euskal kulturari dagokionez, garrantzi handiko ekintza da publiko ahalik eta zabalenari helaraztea eskaintza, baita adinekoei ere, gureak izan aurretik, hizkuntza eta esparru kulturala haienak izan zirelako, haiek landuak

 

Pasadizoak

Anekdota asko dituzte gogoan hirurek, bertan pasatakoak eta sekula ahaztuko ez dituzten oroitzapen ederrak. Iguaranek gogoan ditu bertan pasatutako momentu bereziak, Sebastianekin egoiliarrei gonbita luzatzen zietelako haiek inprobisatzeko, edo bertsoak zein kantuak kantatzeko. Beste bertsolariek ere, maiz, denbora hartu izan dute publikoarekin egoteko eta partekatzeko, saioa hasi aurretik edo ondoren. Egoitzetan bizitako bi anekdota berezi buruan dituzte Akizuk eta Muruak. Lehenak kontatzen du Muruarekin batera Legazpin kantatu zuen batean nola: “Saioa oso ondo atera zen. Publikoan Lazkao Txikiren pasadizoak parrastan kontatzen zituen Zegamako gizon bat bazen. Nik ez daukat gogoan ze baserritakoa zen. Iñakik jakingo du, seguru! Hala ere, saio hartatik, memorian gordetakoa beste argazki bat izan zen. Lagun baten amona topatu nuen bertan. Hasieratik ezagutu nuen nahiz eta begirada eta gorputza makalduta sumatu. Lagun hori bertsokide izan dut eta bere amona, askotan etortzen zen bertso saioak entzutera. Iñakik eta biok bertso saioa bukatutakoan, ikusi nuen amona gurpildun aulkian bazeramatela eta, zalantza egin arren, kasu egitera joan nintzen, azken aldiz ikusiko nuen intuizio beroan. ‘Kaixo Lucia, zer moduz? Ni Maialen naiz, Maialen Akizu, Urretxukoa, Pelloren alaba eta A.ren laguna. Gustura egon al zara bertso saioan?’. Ezin dut hitzez deskribatu, baina egin zidan begirada hura nolakoa izan zen badakit. Berriz ere aurrera begiratu eta, zaintzailearen laguntzaz urrundu zen”. Murua, berriz, oroitzen da nola erdaldunek ere arreta handiarekin entzun zieten, animatu, baita eskertu ere, nahiz eta ez tutik ulertu. Legazpiko saioak ere asko markatu zuen, eta kontatzen duenez: “Sekulako giroa zegoen. Aurrez ekintza hura prestatzen lan asko eginda zegoela nabari zen. Oso-oso adineko aktiboak topatu nituen (Ni lehenengo aldiz izan nintzen bertan eta izandako beste lekuetan ez bezalako giroa eta lanketa) eta zainketan ari zirenek zuten horren meriturik handiena, geu ere beste inon ez bezala hartu, babestu eta zaindu baikintuzten, lankideetako batek etxean eginda ekarritako hamaiketakoa konpartitu baikenuen. Hori da lanean eta egiten ari zarenean sinestea”.

 

Akizu: “Pandemian zahar etxeetako egoera bereziki izan da latza, eta bertsoaren funtzio sozial-kulturala are motibo gehiagorekin behar da”

 

Konbentzituta gaude Adin-adinek oraindik urte ederrak dituela aurrean, oraindik poz eta emozio gehiago pizteko egoiliarren zein bertsolarien artean. Hala, gerorako zenbait erronka ikusten dituzte antolatzaileek; esate baterako, herrialde gehiagotara zabaltzea. Horretarako, ordea, baldintza minimo batzuk bete behar dira; adibidez, gutxieneko euskal komunitate bat izatea. Ekimena Ipar Euskal Herrian ere martxan jartzea erronka handia litzateke, eta urratsak egiten hasiak dira dagoeneko. Gaur gaurkoz, egoitzak gehituz joan dira zerrendan, eta etorkizunean ere espero da hala segitzea, adinekoen egoitzetako pertsonei euskarazko esparru bat eskaintzeko eta bertsoa jendeen arteko lokarri gisa erabiltzen segitzeko.

 

Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa
Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa Adin-adin egitasmoa