Oier Sanjurjo Maté: Osasuna Futbol Klubeko jokalaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2020-11-12

Oier Sanjurjo –

Oier SanjurjoBertsolaritza gustukoa izan dut txiki-txikitandik. Herriko ikastolan, Lizarra ikastolan, jaso nituen lehen sentsazioak. 80ko hamarkadan hasita zegoen jada bertsolaritza jarduna Nafarroako ikastoletan. Garai hartan, Nafarroako Euskara Zerbitzuak bertsolaritza sustatzeari ekin zion Ikastolek hala eskatuta, eta joan zen mendearen azken bi hamarkadetan halaxe gauzatu zen, bertsolaritzari indarra emanez.

Lizarran bi bertsolari aritu ziren urte haietan lanean, Lontxo Arburuza eta Joxema Leitza, hain zuzen ere. Hori bai, irakasleak ere laguntzaile zituztela, Pello Etxaniz izanik Euskara koordinatzailea Ikastolan eta, aldi berean, bertsolaritza bultzatzailea. 10-11 urte nituela, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan, gogoan daukat bertsopaper lehiaketan partaide izan nintzela, eta zonaldeko hirugarren saria jaso nuela ere. Dibertigarria zen guretzat hitz-jolasean aritzea.

Bertsolaritza komunikazio tresna da zalantzarik gabe, eta kulturaren —euskal kulturaren— garraiobidea. Gai bati heldu behar zaio eta horri erantzuna emateko hainbat baliabide erabili behar dira, aldi berean kontuan izanik neurria, errima, oina, doinua… Benetan zaila eta miresgarria. Horrek guztiak transmititzen didana da euskal poesiak eta euskararen hiztegiak daukaten aberastasun itzela, eta baita ere jendeari, entzuleriari, eragiten dioten zirrara eta erakustaldia, jai eta umore oneko giroan askotan, beste zenbait emozioz gain.

Hamabost urte nituela, etxekoekin, Donostiako Anoetan Euskal Herriko Txapelketako finalean egon nintzen. Giro aparta, belodromoa lepo betea, jardunaldi gogoangarria. Gozatu egin genuen… eta Andoni Egaña, txapeldun (2001). Lizarran antolatu den bertso saioren bat edo bestean ere ikusle eta entzule moduan parte hartu izan dut. Halaber, Lizarrako bertso eskolan partaide izan naiz (2012-2014), Iruñera bizitzera joan nintzen arte. Gogoan dut koplak abestu nituela ere Santa Agedako jaialdian bertso eskolako kideekin batera.

Bertsolari gustukoak… Gustukoenak baino gehiago, areago jo nahiko nuke; izan ere, bertsolari orori eman nahi diodalako meritua. Hori esanda, Amets Arzallus eta Sustrai Colina aipatu nahiko nituzke. Sustrai lehen aipaturiko 2001eko finalean ikusi eta entzun nuen, eta harritu egin ninduen iparraldeko bertsolari gazte fin hark. Gaur egun, Iruñeko alde zaharreko kaleetan topo egiten dugu eta elkartzen gara noizean behin. Amets handia da, oso pertsona jatorra eta harremana badut berarekin. Julio Sotok ere merezi du aipamena. Nafarroako azken urteotako txapelduna nafarron ordezkari paregabea da Euskal Herriko Txapelketan. Josu Sanjurjo lehengusu lesakarrari bertsolaritzan etorkizun oparoa opa diodala gehitu nahiko nuke, bukatzeko.

BERTSOLARITZA terminoari buruzko definizioetako bat ekarri nahiko nuke gogora, oso gustuko dudana, Xabier Amuriza bertsolari handiak emandakoa:

            “Neurriz eta errimaz
            kantatzea hitza
            horra hor zer kirol mota
            den bertsolaritza”

Oier Sanjurjo