[Perlak] Inperfektutasunean perfektu
Erika Lagoma
2025-11-06
Inperfektutasunean perfektu –
Kantatzen diren bertso guztiak aditzen dira, eta denek sortzen dute zerbait, indiferentzia bada ere. Badira ikusten diren bertsoak, eta gutxi batzuk usaindu ere egiten dira.

2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Liburukotea dut eskuetan; azal beltza, goitik behera gris bihurtzen doana; errimak idatzita dituzten paper puska luzangekin osatutako pilota da ikurra: nortu, ortu sortu, portu…20 urte pasatu dira. Ez dut nostalgia ariketa bat egin nahi, baina txapelketa horretan kantatu ziren bertsoaldi dezente ditut gogoan. Saiorik saio begiak zabal-zabalik. Ez zait berriz pasatu, ez bada puntualki, ez behintzat horrela. Ziurrenik harritzeko gaitasuna kamustu egiten da. Salamancatik nahiko etorri berria nintzen, berriz ere bertsoari atxikitzen, Nafarroako Bertsozale Elkartean eskolak ematen, eta oraindik pentsatzen nuen bertsolari onek ez zutela sufritzen.
BECeko finalera autobusean joan ginen Iruñerriko gaztetxo kuadrilla eder batekin, eta txapeldunaren izena erran zutenean, saioan zehar zatitzen joan ginen paper pusketak bota genituen konfetien ordez. Bazegoen magia puntu bat. Norberak egin behar du magiaren alde, baina ibilia eta makinaren tripak ezagutzea oztopo bilakatzen dira.
Abenduak 4. Donostiako Atano pilotalekua. Finalaurrekoa. Bigarren itzuliko hirugarren saioa. Igor Elortza Aranoa.
Saroi Jauregi: “Gaur ere itsas ertzean zaude. Esku batean harri mordoa duzu eta banaka-banaka botatzen ari zara itsasora”.
Itsaso horrek gordetzen ditu
makinatxo bat sekretu
hiru edo lau poz eta negarrez
joandako mila momentu;
gaur ere kaiatik gertu
beregana naiz agertu;
hementxe nago amorratuta
edozertarako gertu
harriak hartu esku batean
ta egin nahi dut mendeku.
Harriak bota ta bota nabil
ta nahiz ta olatuak lehertu
berak ezin du ulertu.
Arrantzaleak itsasoakin
beti dabiltz tirabiran
ta arrantzaleen andreok ere
noski badugu aski lan
gizonaren despedidan
hamaika min utzi nigan;
egunero lez berriro ere
banator kaiaren jiran
nola edo hala zerbait bueltatu
behar didazun desiran;
oroitzapenak ta gorrotoa
olatuetan dilindan
maitea ostu zenidan.
Gaur hain otzana ematen duzu
hain bare ta hain geldiro
kostako haitzak kasik laztanduz
maitekiro-maitekiro
baina gero enbata igo
ta ene zenbat bertigo!
Azken bi harri puskak hartuta
berriz egin dizut tiro
horrek deus ez du konpontzen baina
baneukan aski motibo;
bihar goizean berdin-berdin zait
ze eguraldi, ze giro
etorriko naiz berriro.
Doinu berria, Josu Zabalak beren-beregi Igorrentzat sortua, sentimenduak batzutan sartzen izena hartu duena. Doinu bat Txapelketan estreinatzeak baditu bere arriskuak, komunikazio ekintza zaildu dezake. “Zenbat oin? Zenbat silaba? Halaxe ibili naiz hasieran, bertsoak berak bere terrenora eraman nauen arte”.
Bakarkakoak nola egituratu behar diren teoria aunitz egonen dira, edo agian ez hainbertze. Maite dut pentsatzea oholtzan ere hartzen direla horren gaineko erabakiak, eta bulkadak agindu dezakeela Txapelketaren markoan batzuetan.
Bertsoaldi honen gainean gauza aunitz erran daitezke; hiru azpimarratuko ditut.
1. Pertsona gramatikalaren erabilera: lehenengo bertsoan, 1. eta 3. pertsona singularrak erabiltzen ditu. Kokatzen du markoa, eta kokatzen du pertsonaia, emozionalki eta ekintzen bidez. Bigarren bertsoaren azken hiru puntuetan 2. pertsonara egiten du salto. Hirugarren bertsoan 2. pertsonari eutsi egiten dio, eta 1.arekin bukatzen du.
Bigarren personarekin pertsonifikatu egiten du itsasoa, berdinetik berdinera hitz egiten dio, eta horrek sekulako indarra dauka.
2. Bertsoaldiaren klimaxa bigarren bertsoa da, ez da hainbestetan gertatzen. Pertsona gramatikalaren aldaketarekin bat egiten du:
nola edo hala zerbait bueltatu
behar didazun desiran;
oroitzapenak ta gorrotoa
olatuetan dilindan
maitea ostu zenidan.
Usaindu egiten dira kresala, amorrua eta itsasoari dion errespetua.
3. Hitzen aukeraketa. Badaude entzulearen burmuinean iltzatuta gelditzen diren hitzak, eta horietako bat da dilindan bertso batean lehen aldiz entzuten duzuenean. Puntu labur bateko oina da, azken laburrari bide ematen diona. Ez zait kokapen borobilagorik okurritzen.
Txaloak, bibak… baten bati eskapatu zaio gozamenaren gozamenaz: “Hau da poesia!”.
Ez da testu idatzi bat. Inprobisazioaren inperfektutasunean perfektua da.

