[PERLAK] Ni nagoen tabernetan

Ni nagoen tabernetan –
Bertsolaria: Ane Labaka Mayoz
Gaia: Zuen begiradak berriz gurutzatu eta gorputzak dardar egin dizu.
Doinua: Goizean altxatu eta
1. Batzuetan sorgina naiz
eta besteetan dama baina, ai!, kalea sarri bilakatzen da oihana. Gizon bat gurutzatuta ilundu zait panorama berriz haragitu baitet behin bizi izandako drama. Ez dakit gure artean ez ote degun imana berriro nere aurrean agertu baitzait, ai ama! (bis) tabernazulo batean eraso egin zidana. |
2. Behin nik eskatu gabean
eman zidan besarkada ta nere atzetik sartu zen azkar komunetara orduantxe galdu nuen ordura arteko patxada ta bizi izandakoa ezin det azaldu jada. Herrikideak garenez berriz gurutzatu gara ta nik tinko eutsi diot nahiz ta sentitu dardara (bis) ni geldi nengoen, berak kendu dit gaur begirada. |
3. Bere lagunekin igual
hasi daiteke brometan berriz ere parez pare gaude biok bueltan-bueltan. Nere lagunak joan dira ta ez hasteko hizketan “joan zaitez kanpora” esan diote mingaina ketan. Erasoak preskribitzen al dira halakoetan? Nik libre bizi nahi nuke benetan diot, benetan (bis) bera ez dadila egon ni nagoen tabernetan. |
Badira urte batzuk Aixita Txapelketa antolatzen dela Irurtzunen, eta Ane Labakak txapela jantzi zueneko bertsoak dira goian dituzuen hiru perla horiek. 2022ko maiatzaren 14an jokatu zen II. Aixita Sariketa, eta Labakarekin batera aritu ziren kantuan Aissa Intxausti, Maialen Akizu, Saats Karasatorre, Aitor Irastortza eta Iker Altuna.
Urteroko zita da Aixitakoa bertso egarriz dagoen sakandar ororentzat, eta bertan nengoen ni ere egun horretan. Sakanan urtean antolatzen den bertso saio kopuru urria kontuan hartuta, bere horretan dira halako saioak kitzikagarriak, baina bertsoaldi honek bereziki eragin zidan zirrara eta, geroztik, buruan iltzatua izan dut.
Gogoan dut 2022ko maiatzaren 13an, bertso saioaren bezperan, arratsaldean, kuadrillarekin trago bat hartzen egon nintzela herriko terraza batean. Oroitzen dut gure aurrean herrikide bat agertu zela eta burura etorri zitzaizkigula gutako bakoitzari egindako erasoak. Akordatzen naiz gure istorio bakoitzari buruz sakon aritu ginela eta elkarrizketa amaitu genuela elkarri galdetuz ea zergatik partekatu behar genituen herriko espazioak horrelako gizonekin, herrikide izan arren.
Amaitu nahi nuke esanez gogoratzen dudala kuadrilla osoak tinko eutsi geniola begirada eta berak alde egin behar izan zuela, baina ez. Hori ez zen gertatu. Oraindik ere geuk ukatzen diogu begirada agurtu behar ez izateko, elkarrekin gurutzatu behar ez izateko, harengana hurbildu behar ez izateko. Erasoak halakoetan preskribatzen direla dirudien arren, oraindik ere gu deseroso sentiarazten gaituzte.
Txundituta utzi ninduen bezperan kuadrillakoekin tabernako terrazan prosaz aletu genituen guztiak Labakak bertsoz horren zehatz eman izanak.