Bota bertsua!
Ramuntxo Christy
2026-11-04
Bota bertsua –
Powered by RedCircle
Lekorne, 2026eko buruilaren 18a,
Pettanekin bertso afari batetatik ateratzen ari girela, aparkalekura abiaturik, gazte batzu ikusten ditugu bide bazterrean geldituak pixa egiteko. Herriko pesten ortziral arratsa, gauerdi pasaturik, bazterrak berotzen hasiak dira.
Pixa egiteko ixiltasun hori baliaturik desafioka hasi zaio bat besteari : « Are, BOTA BERTSUA !! »… eta ondokoa lotu da berehala, bitan pentsatu gabe abiatuz : « Gaur Lekorneko pestetan gira… ».
Zer plazerra senditu dudan bi gazte horiek hola entzunik : « gu ere hola hasi gituk » atera zait segidan ahotik….
Ez dugu sekulan jakinen gu ikusirik hasi diren, bertsolarietaz erdi trufaka, edo halako usaiik baduten haien artean, bainan bertsoak pizten die zerbait interes dudaik gabe…
Eta gogora etorri zaizkit berriz lehen urratsak, ostatu xokoko lehen koplak, Ttattolako oholtzan bi kontzerturen arteko balentriak, Antzuolako pestetan purua ahoan bertsolariarena egiten, edo Hernaniko sagarnotegitik Aiherrarako autobuseko mikroan bota sasi bertsoak…
Hazparne, 2026eko buruilaren 19a,
Lekornen kurutzatu 2 gazteak lo ederrean ditugu oino segurraz ere, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa abiatzen da. Irratientzat sioa hedatzen ari girela, kideak galdera luzatu daut : txapelketako saioak bete eginen dira berriz aurten, finaleko txartel guziak saldu dira kasi, osasuntsu ikusten duzu bertsolaritza ? Bai bai naski erantzun dakot bitan pentsatu gabe…
Bertsolaritza osasuntsu ikusten dut, bainan ez bakarrik 4 urtetatik halako indar erakustaldia egiten duelako.
Bertsolaritza osasuntsu da astez aste ikastola eta eskoletan gazteer ezagutarazteko egiten den lanari esker, astez aste euskal herri osoko bertso eskoletan haur, gazte eta helduek asmatzen dituzten bertsoer esker, urte osoan eta herriz herri euskal herri osoan antolatzen diren bertso bazkari, lagun arteko saio, bertso poteo, sariketa edo ibilaldier esker, 300, 60, edo 20 entzule bildurik ere.
Miresten ditugun lehen mailako bertsolarietatik haratago, bertsoak segitzen baitu gure kultura biziaren parte izaiten : lagun bati idatzi hitzetan, erretretara abiatzen den lankideari kantatu 4 kopletan, edo pesta giroko arrailerian piztu prebertsolaritza forman.
Zonbat gauza eskaintzen dauzkigun : entzutean miresmena, aritzean gozamena. Gogoetatu, omendu, hunkitu, kritikatu, kitzikatu, eta kilikatu EUSKARAZ !!
Beraz txapelketako saioen gora beheretaz hainbeste idatzi eta hitz eginen den asteetan eta ondokoetan berdin, nik ere desafio hau luzatu nahi nauzieke :
Are, BOTA BERTSUA !


