Erantzun baten galderak

Bertsoak definizio bat darama bere atzean. Definizio xinple eta ulerkor bat, baina zergatik da orduan denontzat ezberdina? Inteligentzia artifizialaren arabera: Bertsoa neurtua eta errimaz sortzen den ahozko poesia da, bertsolari batek, momentuan, kantuz ematen duena.

Irati Alcantarilla-(r)en argazkia Irati Alcantarilla 2025-10-29

 Erantzun baten galderak –

 

Powered by RedCircle

 

Txapelketak definizio bat darama bere atzean. Definizio xinple eta ulerkor bat, baina zergatik da orduan denontzat ezberdina? Inteligentzia artifizialaren arabera: Txapelketa da lehiaketa bat, non parte-hartzaileek elkarrekin lehiatzen diren irabazle bat edo batzuk zehazteko.

Definizioak, egon badauden arren, bertsoaren definizioa aldakorra da. Bakoitzak berea dauka eta horrek gure bertsokera definitzen du, baita gure izaera edo oholtzako “gu”-aren pertsonaia ere.

Ez dizuet gezurrik esango, zalantza eduki nuen Makarrizketa egiterako orduan, makarratik gehiago baitaukat hizketatik baino, baina bertsotan ere gauza bera ez al da gertatzen? Publikoaren erreakzioaren beldurretan bizi gara: presio, deserosotasun eta alerta konstante batean. Ez al duzu sekula zalantzarik egin zure diskurtsoa plazaratu ala besteek entzun nahi duten hori kantatzearen artean? Bertsolaritza puntu erantzun konstantea da, beti erantzuteko gogoa eduki arren, ez gara beti erantzuteko gai, azken finean, galdera “Haizeak bidali du” baina, erantzuna ere haizeak darama…

Nire bertso ibilbidean zehar askotan sentitu naiz bertsolari baina pena ematen dit bertsolari sentitzeko txapelketaren laguntza eduki beharrak… Ez dakit kasu guztietan hala den, baina nire kasuan behintzat, bertso saioak txapelketei ala uneko sariketei esker lortzen nituen. Aldiz, bertso saioei esker sariketa gutxi lortu ditut. Esango nuke, zehatzagoa ere izan naitekeela eta sariketetan lortutako postuengatik lortu ditudala ondorengo hilabeteetako bertso saioak. Horrek guztiak, sariketetako presioa areagotzen du jasan ezina bihurtzeraino kasu batzuetan. Batzuetan hobeto eramaten dut gehiegi ez pentsatzea. Hau da, “joan eta bota” egitea, baina, horrelakoetan ere saioa amaitu eta ohean nagoela, teilatuan daukadan belusetik zerura begira, nire buruak galdetzen dit: Hori nahi dut? Hori behar dut? Zer ematen dit bertsoak? Nik zer ematen diot berari? Ikasi dugu tresna politiko gisa erabiltzen bertsoa eta bertsoak dakarren hori guztia, baina, adierazteko gai ez garenean, zer? Frustrazio hori nola kudeatzen da 18 urte mokorekin?? Agian ez da adin kontua, nik 23 urterekin ez baitut oraindik ikasi….

Nire burua galdera erantzun horien guztien artean bizi zen unean, diskurtsiboki oso kokatuta, baina, bertsoak dakartzan galdera guzti horien artean zalantzati nengoen momentuan, duela 18 hilabete 3 aste eta 9 egun zehazki, nire inteligentzia artifizialak “boom” egin zuen. Nire buruak deskantsu bat hartzea erabakia zuen, nirekin kontsultatu gabe noski…

Berriro ere milaka galdera… baina oraingoan ezberdinak: Zer gertatu zait gidatzen nindoala? zergatik nago anbulantzian? Zergatik daukat mihia hozkatua? Zergatik daukat lepoa hain gogorra? Eta, hankak dardarka? Bat batean zergatik ez naiz ezertaz gogoratzen? Bertso saiotan bukaera ahazten zaidanetan bezala sentitzen naiz.

Erantzun baten galderak
Irudia: Geralt

Galdera guztiek erantzun bakarra zeukaten: EPILEPSIA. Erantzun batek zergatik dakartza hainbeste galdera? Nik epilepsia? Bat batean, besterik gabe? Orain? seguru elektroentzefalograma ondo dagoela? Hau betirako da? Pixa egingo dut gainean? Zergatik ez zait aparrik ateratzen ahotik? Koilara bat sartu behar dut ahoan? …?

Hor bukatu zen dena edo hor hasi zen dena ez nago seguru. Bat batean, bertso saio guztiak ezeztatu, bueno asko ere ez ziren baina… bertso eskola ere utzi eta horrekin batera bertso eskoletako dinamikekin moztu, inguruko bertso saioak ikusteari ere utzi nion, ez nengoelako prest ingurukoen galdera guztiei erantzun bat emateko, ala xinpleki, ez neukan aski indar jende aurrera ateratzeko.

Hasieran, bertsoa.eus jartzen nuen baina denborarekin jartzeari utzi nion. Ohitura daukat bakarrik nagoenetan bertsoekin zerikusia duten jokotxoak egiteko (errima bereziak bilatu, doinu luzeetan inprobisatu, bertso ezagunak kantatu, puntu erantzunak jarri nire buruari…) tamalez, hori ere segituan kendu nuen nire egiteko gustukoen zerrendatik. Neurologoaren arabera, ezinbestekoa zen gaixotasuna kontrolatu ahal izateko buruari bueltak ez ematea, ez estresatzea, bizitza lasai bat edukitzea… Neurologoaren eskaria ez zetorren bat bertsolari izatearekin.

Gogoratzen dut behin kontsulta batean galdetu zidala ea zertan egiten nuen lan edo zer egiten nuen egunerokotasunean. “Futbolaria, bertsolaria eta bertso irakaslea naiz” esan nion. Euskara ulertzen ez duen neurologo bati bertsoa zer den azaltzea… irakasle onenak ere ez luke lortuko. Berez, gauza xinplea dirudi inteligentzia artifizialak dioena bakarrik balitz, baina, denok dakigu ez dela hori bakarrik. Buruhauste gehiegi dakartza bertsoak eta hori ez da lagungarria burua osatzeko. Esan beharrik ez dago futbolarekin ez zegoela arazo hori. Hilabeteak pasatu ahala geroz eta urrunago neukan bertsoa. Bertsozale izateari ere utzi nion tarte luze batean, konturatu gabe. Bertsoa, nire bizitzaren erdigunea izan da beti, baina, orain perspektiba honetatik ikusita, uste dut bertsolariok intentsuegi bizi dugula bertsoa eta bizitzako etaparen arabera bertsoak eskaintzen dizkigun onurak zalantzan jarri daitezkeela.

18 hilabete 3 aste eta 9 egun pasatu dira. Dagoeneko pasa dut infernua. Kotxeko gidabaimena kentzearen infernua, bertso bat kantatzeko gaitasunik ez edukitzearen infernua, bakarrik egon ezinaren infernua… Sendatuta nago. Ala kontrolpean behintzat… Berriro hasi naiz bertsotan, ez naiz lehengo berdina, baina beno, onurak ere eduki behar zituen geldialdiak, ezta?

Orain, gogotsu bizi dut bertsoa, patxadaz, presiorik gabe, funtzio batekin. Patxadatik eta gozamenetik bizitzeak motibazioa berpiztu dit.

Berriro itzuliko naiz plazara, berriro itzuliko naiz txapelketara, baina, oso ezberdin ikusten dut txapelketaren esanahia, baita bertsoarena ere.

Hotzean pentsatuta, uste dut matxurak mesede egin didala bertsoari dagokionean. Distantziatu gara… ala… distantziatu gaituzte, ez dakit, baina bi kasutan izan da positiboa. Aski harreman monogamo eta erdi toxikoa izaten hasita geunden eta halako uneetan ihesbide bakarra distantzia dela ikusi eta ikasi dut.

Tokatu zaidana aprobetxatu dut, erlatibizatzen ikasteko baliatu dut eta orain bai, orain badakit zerk eramaten nauen oholtzara eta zer eraman nahi dudan oholtzara.

Pena ezbehar baten ondorioz konturatu izana honetaz guztiaz baina badakizu, bizitza ez da sekula bukaeratik hasten.


*Musika: Slipaway, Cool Studios. Free Music Archive

Erantzun baten galderak  Erantzun baten galderak  Erantzun baten galderak  Erantzun baten galderak