Hain urruti, hain hurbil
Hain urruti hain hurbil –
Powered by RedCircle
Larunbata da, arratseko 20.00ak inguru eta hemen ari naiz, 5 hilabeteko alaba besoetan dudala, Xabat eta Joanesen arteko buruz burukoaren azken zatia telebistatik ikusten. Arratsalde osoa kanpoan pasa dut, porteoan Lesakako kale hotzetan barrena, azken orduko erosketa batzuk egiten… Etxera ailegatu naizenean bururatu zait telebista piztu ta Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko azken txanparekin bat egitea. Eta hemen gaude, pantailari so. Irudi honek ederki laburbiltzen du nik bertsoarekiko eduki dudan harremana, orain hurbil, orain urruti, orain urruti, orain hurbil…
Maitasun-gorroto harreman bat izan delako bertsolaritzarekin ttikitatik bizitu dudana. Gogoan dut 80ko hamarkada bukaeran, ume kozkor bat nintzela, gurasoen berde koloreko R18an Euskal Herri osoan zehar egiten genituen ibilaldiak. Nola ahantzi Eiheralarre eta apaizaren etxe azpiko aretoa! Bertara hurreratu ginen Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketa bat ikusteko asmoz. Eiheralarre Nafarroa Behereko herri ttiki bat, 300 biztanle ingurukoa (datu hau wikipediatik hartu berri dut, ez pentsa bertso saioetara hain informatuta joaten nintzenik). Garai hartan Nafarroa eta Iparraldeko bertsolariek elkarrekin parte hartzen zuten txapelketa berean. Bide luzea egiten genuen bertara ailegatzerako, orduko karreteretan eta orduko autoetan, gaur egungoekin inongo zerikusirik ez dutenak. Pantxoa ta Peiok, Benito Lertxundik, Pepito Iantzik eta enparauek girotzen zuten ibilbidea. Ia gehienetan, erdi mareatuta ateratzen nintzen autotik (guttienetan berriz, guztiz mareatuta), nahiz eta aitak ustez usain ona jartzen zuen paperezko pinu lurrindua zintzilik eraman, eta ondotik puroen keak irentsitako areto ttikietan sartzen ginen, nire 10 urteko haur begietatik aiton zahar batzuk zirenak kantatzen ikustera. Egiari zor, nire azken finalean neukan adina baino gazteagoak ziren “aitona zahar” haiek baina haur bati ezin zaio gehiegi eskatu, aitzinetik kotxean halako bidea egin eta gero.

Eta horrela joan ziren hurrengo urteak. Urteroko Nafarroako txapelketak, 1989ko Txapelketa Nagusia, 1993koa, 1991ko Gipuzkoako txapelketa, bai, bai, Sarasuak kartzelakoan bi doinu erabili zituenekoa (egia erran, gidoitik ateratzeak puntu berezia ematen dio oroitzapen horri, …) Arrebari ere zaletasuna sartu ta Bertso Eskolan hasteko hautua egin zuen. Horrek bertso saioen ugaritzea ekarri zuen familian eta bertsolaritza eta nire arteko harremanean ordura arte ezezaguna zen elementu bat eranstea bat-batean, saioak urduri eta sufrituz bizitzearena. Dagoeneko ez zen asperdura eta jakinminaren arteko lehia bat bakarrik, hazkazalak jateak zekartzan ondorio negatibo guztiak ikasi nituen denbora laburrean. Sentimentu kontrajarriak ekartzen dizkidate garai haiek. Saioetan gaizki pasatzearen oroitzapen garbirik ez baitut, baina ongi pasatzearen oroitzapenik ere ez.
Baina denborak bere bidea egiten du eta ni ere handitzen/koxkortzen/nerabetzen/aguanta ezin bihurtzen joan nintzen (deitu nahi duzuen bezela). Eta ailegatu zen unea gurasoei errateko ni ez nintzela bertso saio gehiago aditzera joanen. Ez dakit gaizki ulertutako errebeldia ekintza bat zen, edo urteetako bertso gaindosiak sorrarazitako krisi bat. Kontua da 5-6 urte pasatu izanen nituela bertso bakar bat ere kontzienteki aditu gabe. Bertso munduarekin haustea izan zen nire haurtzaro eta nerabezaroari agur errateko moduetako bat.
Ez dut burutan konkretuki noiz ireki nizkion ateak berriz bertsogintzari baina 2005 urtearen bueltan kokatzen dut hori, Txapelketa Nagusiko finala ikustera joan nintzelako BECera. Hori
izan zen kontzienteki burututako su-etenaren ondoren ikusi nuen lehen saioa (itzulerarako 8 orduko bertso emanaldia hautatzea, ausarta izan behar da gero). Eta okerrena da (edo onena, dena da segun nondik begiratzen dan…) han ohartu nintzela bertsoa egitan gustuko nuela eta ongi pasatzen nuela bertsoak entzunez. Hala ere, bertso mundura bergizarteratzea ez zen bat-batekoa izan, ez zen berehalakoan gertatu. Nafarroako finalekin hasi nintzen, urtero hitzordu bat, Elizondoko Lur dantzalekuan ospatzen ziren final horiek… Final horien ondorenak ere gogoratzen ditut, ordu ttikiak arte luzatzen baitziren batzutan. Hori ere motibazio polita zen final horietara hurbiltzeko. Baina nafar bertsolaritzaren ekosistemarekin partekatzeak, orokorrean lehendik ere aparteko ez nuena, ez geografikoki, ez adinari dagokionez, are eta gehiago hurbildu ninduen bertsolaritzara, urte gutti batzuk lehenago inondik inora ez nuena imajinatuko.
Helduen Bertso Eskolak sortzen hasi ziren garaia da hori, guttigoitibeheiti. Ordurako bertsoren bat ere idatzia nintzen gabon opari bezela, ez banabil oker. Eta pausua emateko momentua zela erabaki nuen, bertsoak entzutetik bertsoak kantatzera.
2011. urtea zen Baztango Bertso Eskolan lehen pausoak eman nituenean. Nire helburua aisialdia betetzea bertzerik ez zen, hasiera batean. Inolako asmorik ez oholtza batera salto ematearena. Baina gauza batek bertzera eramaten zaitu eta hara… Bardoak Taldekako Txapelketa, Nafarroako Finala, 2013ko Txapelketa Nagusia… bidea emankorra izan da begirada txapelketako emaitzetan jartzen bada. Baina are emankorragoa bertso munduan sartzeak ekarri dizkidan onura guztiak kontutan hartzen baditugu, lagunak, bertsokideak, leku ezberdinak, norbere mugak gainditzea, autodiziplina… Baina laudorioek eta txaloek ere badute bere b aldea, aurkia eta ifrentzua, maitasuna eta gorrotoa… Zenbat aldiz erran diot nire buruari “zer arraiorengatik eman duzu izena”? Zenbatetan pentsatu izan dut “ni zer ari naiz hemen”? Lo hartzea hain konplikatua den bezperako arrats hori, amaigabeak diren saiorako bidaia horiek… Oholtza gaineko segurtasun itxura bezain erreala izan da beti saio aitzineko sufrimendua. Eta ez naiz pertsona aunitzeko plazei buruz ari. Oholtza ttikienak ere urduritasun handia sorrarazi izan dit.
Txapelketako nire ibilbidea iritsi zen bere bukaerara. Altsasun kantatu nuen azkeneko aldiz, 2023ko txapelketan eta entzuleaz agurtzeko aukera izan nuen. Aurten txapelketa kanpotik bizi izan dut, hagitz kanpotik, bertsorik aditzen ez nuen garai horretara itzuli banintz bezela. Ta horren arrazoia zein den ez dakit ziur. Nagikeria puntu bat izan daiteke, agian oholtzan egotearen atrakzioak (bai, bai, hori ere badu) sortuko zidan inbidia puntu bat, nire okupazio berriak… Baliteke oraindik prest ez egotea txapelketara itzultzeko, entzule paperean izanik ere. Txapelketetako oholtzek momentu on ugari eman dizkidatelako, sufriarazten zaituen horrek sarri gozaraztea ahalbideratzen baitizu, eta alderantziz. Bertsolaritza eta ni, ni eta bertsolaritza, berriz ere hain hurbil ta hain urruti, hain urruti ta hain hurbil

