Leku bat
Josune Aramendi
2026-11-25
Leku bat –
Powered by RedCircle
Espazioa neurtu eta kokatu daitekeen hiru dimentsioko puntu multzoa dela esaten du hiztegiak. Lekua, ordea, esanahia duen espazioa da. Era berean, lekuak espazio konkretu batean dugun posizioarekin edo betetzen dugun tokiarekin ere badu zerikusia. Laburtuz, ikuspegi filosofiko batetik espazio batean norbait edo zerbait “egon” daiteke eta leku batean norbait edo zerbait hori “da”.

Hamaika urte neuzkan eskolaz kanpoko ekintzen orrian kirola edo ikasketa tekniken gelaxka hutsik utzi eta gurutzea bertsolaritzan marraztu nuenean. Eguazten batez izan zen gure lehen zita eta gero astero elkartzen jarraitu genuen. Gureak jolasa baino ez zen bitartean nahiko ondo funtzionatu zuen. Talde txikian nire lekua nuela sentitzen nuen eta espazio seguru batean aritzen nintzen kantuan eta solasean. Eguaztenero partekatzen genuen ordua hegan igarotzen zen eta bakoitzean lotsa gutxiagoz altxatzen nuen ahotsa. Gogoko nuen bertso zaharrak edo kantu herrikoiak abestea, arbelean errotulagailuz (orduan zerbait berria zen) oinak idaztea, bertsoak hasieratik hastea, ordubetean kopla ziztrin bat botatzea, gelditzea eta berrabiaraztea edo norbaiten urteguna zelako errimatzeari muzin egin eta eskola ondoko kafetegian txokolatezko napolitana bat jatea. Horrela, besterik gabe, aste barrua eta asteburua desberdintzeke “cheat meal” nahi adina aldiz egiten genuen garai zoragarri haietan…
Gero lehia eta nerabezaroa sartu ziren gure hartu emanean eta kontua aldatuz joan zen. Espazioa ez zen horren segurua, nik kantukideekiko nuen posizioa beti baxuagoa zela iruditzen zitzaidan eta oholtza geroz eta leku deserosoagoa bilakatu zen. Hamazazpirekin BBK txapelketa batean kantatu eta hogeitahiru bete arte, ez nuen berriro bertso batik bota. Ez nintzen bertso eskolatik desapuntatu, ez nion inori azalpenik eman eta ez nuen bertso eskolako argazkirik ezabatu nire Tuentiko kontutik. Besterik gabe urrundu egin nintzen kantutik eta, ordutik, bertsoarekin izan dudan harremana intermitentea izan da.
Denborarekin ohartu naiz aldizkakotasun horretan ere bertsolaritzak espazioa eta lekua biak izan dituela nire bizitzan, baita nik guztiz kontrakoa uste nuenean ere. Kuriosoa da bertsolaritzak nire bizitzan espazio hutsala bete duenean ere, lekua izaten eta eskaintzen jarraitu duela. Eta hain justu hori da guztiaren gainetik bertsolaritzari eskertzen diodana: lekua. Hamaika urterekin nire grano eta betaurreko gorrien kontra borrokan ari nintzenean leiho bat ireki zitzaidan beste mundu batera. Gerora, bertsolaritzak feminismora hurbildu nau, ertzak erdigunean jarri dizkit, hizkuntzaz eta kulturaz hausnartzera eraman nau, nire hautu politikoetan eragin du… bertsolaritzak ni naizen ni guztiak ezagutzeko espazioak gerturatu dizkit eta bertsoaren ekosistema horren parte sentiarazi nau, bertsoa bizi den lekuan, modu batera edo bestera, nago eta naiz.
Esan gabe doa, nik bertsoaren baitan eta bertsoak nire baitan tokia baldin badugu, lekua bizigarri egiten duen jende multzo zoragarri bat baldintzarik gabe hor egon delako dela. Atzera begiratuz gero, bizitzaren ziklo ezberdinetan, bertso munduko lagunek hor jarraitu dute, beti presente. Batzuk kantuan, beste batzuk whatsappeko talde batean, urteroko sagardotegiko irteeran, txapelketa garaiko entrenamenduetan, igandeetako afarietan, iritzi artikuluetan edo goizeko ordu txikitan herriko tabernako barran egindako potoetan. Askotan bertsolaritzarekin izan dudan harremana kantuan aritu naizen aldiekin lotu izan dut: “bertsotan jarraitzen duzu ala ez?”. Denborak, ordea, erakutsi dit harreman horrek zerbaitekiko dependentzia badu, lagunekikoa dela. Beraz, norbaitek bertsolaritzak niretzat duen esanahiaz galdetuko balit, ez nioke bertsoez, kantatzeaz edo oholtzez hitz egingo. Bertso munduak eman dizkidan lagunez jardungo nintzateke, espazio konpartitu bat nire eta gure sentitzen dudan leku bihurtu duten horietaz.

