Nostalgia –
Doinua: Kantuz egin behar det
Larunbata izaten
da haien eguna,
betiko tabernaren
bueltako jarduna.
Lagun taldea eta
“zer moduz?” bilduma,
hasierako trago,
osteko bizuma.
Baina arrosa batek
beti du asuna:
A-k berriro ekarri
du mutil-laguna.
“Aurten Tailandia, Txina,
edo Cabo Verde?”
B-k udako bidaia
egin nahi du bere.
Eta C-k aurreztea
dauka bizilege.
Patrikan sartu ditu
esku hotzak, trebe:
“hain urrun ze pereza,
egizu mesede,
gure ingurukoa
polita da ere…”
Aspaldiko partez D
agertu da, ala!
Presentzia ez zuen ja
ezta birtuala.
Ezer galdetuz gero,
bi tik-ak –bi bala–,
ta gaur ezer gertatu
ez balitz bezala.
Psikologoak esan
omen zion hala:
beti bere burua
lehenetsi zezala.
E-k izan nahiko luke
eskolan tutore;
urteak daramatza
ordezkari-orde.
“Noiz arte gurasoen
etxean ta pobre?”
Kexak erdia serio,
erdia umore…
G-k pixu bat erosi
du polit, dotore;
igual hurrengo astean
kontatzea hobe.
Ai, iragana horren
da gogoangarri!
Institutu garaiak
gogora ekarri.
Patio ta klaseko
denbora oinarri,
nostalgia pixka bat
al zaie igarri?
Orduan bizi ziren
elkartuta sarri,
eta orain bizitza
kontatzen elkarri.
Baina ezingo dira
bueltatu sekula;
aurrera doa, azkar,
haien pelikula.
Ez da komedia bat
ta ez da fabula.
Ai, norbaitek asmatu
ahal balu formula!
Nik argi dut –etenik
ironia, burla–
ahal dugun hobekien
egiten dugula.


