Niretik nirera
Bittori Elizalde
2026-10-21
Niretik nirera –
Powered by RedCircle
2003.urtean jaio nintzen, udaberriko arratsalde batean. Zubieta eta Iruñea arteko bidean hazten joan naiz, bateko eta besteko haize ufadek nire nortasunaren zati bat eraikitzen zuten bitartean. Urte horietan, kotxeko irratiak bertsoak eta doinu zaharrak oparitu izan dizkit, gerora neure egunerokoan, eta batez ere plazan, praktikan jarriko nituenak.
Zortzi urte nituenean, Iruñeko Bertso Eskolan hasi nintzen, auzoko lagun-talde eder batekin batera. Hainbat urtez hitzekin jolastu, euskara xaxatu eta kantuan ibili ginen, eta, aldi berean, gure lehen erreferenteak bilatzeari ekin genion. Saio desberdinetara joateak barruan piztutako pasio hura gutxinaka-gutxinaka indartzea ekarri zuen, eta etorkizuneko ametsak bertsolaritzatik gero eta gertuago zeuden.
—Eta… bertsolari izaten banaiz?
Zubietan, amets horri jarraitzeko aukera paregabea nuen. Aitaren aldeko familiak hitz jokoen zirrara transmititu izan dit beti, eta bide horretan aurrera egitera animatu nau. Bertsoa izugarri maitatzeaz gain, euskal kantu eta doinu zaharrei ere euren aulkitxoa jarri izan diete gure mahaian, otorduro. Horrela, hariari eusten eta ez galtzen lagundu didate.
Bertan antolatzen ziren bertso-bazkariek erreferente nituen horiek bertatik bertara ikusteko aukera ematen zidaten. Haien aholku, animo eta bultzadek horri lotu ninduten —zentzu onean—, eta haien ahotsetatik ateratzen zen bertso bakoitzak nire ametsa are gehiago elikatzen zuen.
Testuinguru eta giro horretan heldu nintzen nerabezarora, lehen plazak, lehen jendaurreko esperientziak eta lehen negu-lekuak iritsi ziren arte. Euskal dantzak eta bertsogintza izan dira nire pasio handienak, eta bietan aurkitu dut plaza neure burua erakusteko. Hitzez kostata azal dezaket mikroaren aurrean sentitzen dudana; batez ere, une horretara iritsi naizen bakoitzean sentsazio oso desberdinak bizi izan ditudalako. Poza, beldurra, urduritasuna, amorrua, adrenalina, ilusioa… Zirrara-koktel bat zer den galdetzen didatenean, horixe da burura etortzen zaidan irudia: oholtza, mikroa, entzuleak eta ni.
Urteak pasa ahala, bide hori errusiar mendi baten antzekoa bihurtu da: igo eta jaitsi, jaitsi eta igo; une goxoak bezainbeste garratzak bizi izan baititut. Halere, bertsoa bizitzeko mila modu daudela ikasi dut. Ez dago bide bakarra, ezta plazara iristeko modu bakarra ere.
Haur nintzeneko amets batzuk lortu izan ditut. Baina orain, 23 urte ditudan honetan, nire amets eta helbururik handiena bertsotan gozatzea da. Lagunekin, senideekin, ikasleekin, herritarrekin… lasai aritu nahi dut, presiorik gabe; kantuan hasten naizenean nire burua amildegi baten ertzean sentitu gabe. Niretik nirera.
Badira haur txiki hari azalduko nizkiokeen mila kontu. Halere, badakit oraindik ere hor nonbait egonen dela, eta egindako bideaz eta bizitako momentuez harro egonen dela.
Izan ere, zertarako galdu konparazioetan? Nik nire bidea eraiki dut. Eta, aizu, batek daki hemendik aurrerakoa!
*Musika: Decade of upsets, Doctor Turtle. Free Music Archive


