BTLN, Betelana, bertso txapelketari buruzko ARGIAren saioa

BTLN Betelana bertso txapelketari buruzko ARGIAren saioa –

Gorka Peñagarikano Goikoetxea, ARGIAn.


BTLN Betelana bertso txapelketari buruzko ARGIAren saioa

L-ak ez du Larraun-Lekunberrirekin zerikusirik, baina izan dezake: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa finalaurrekoen fasean sartu bezalaxe, ARGIAk orduantxe jendarteratuko du txapelketari buruzko bideopodcasta, BTLN, Betelana. Lau dira kamera aurrean saioak iruzkintzen ipiniko direnak: Danele Sarriugarte, Asier Galarza, Lide Arregi eta Oihana Arana. Astelehen iluntzetan publikatuko da argia.eus-en, asteburuko saioa mintzagai. Bertso saioetako sarrerak eta ARGIAko produktu sorta zozkatuko dira; ikus-entzuleei argazkiak bidaltzeko eskatuko zaie, bertso saioetako bidaiaren uneren bat erretratatzen dutenak. 

Larraun-Lekunberrin (Nafarroa) hasiko dira EHBTren finalaurrekoak, urriaren 24an. Dagoeneko jakina da zeintzuk izango diren fase horretan kantatuko duten 24 bertsolariak, haien saioak irabazi dituzten hamarrak eta puntuazioz lehenbiziko hamalauak. Abenduaren 20ko Iruñeko finalaren aurretik, zazpi finalaurreko izango ditu txapelketak, eta horien berri emango du ARGIAk, beste urte batez, umorea eta kritika nahasiko diren bideopodcastean.

BTLN izena du saioak, Betelana delako, sarri egiten baita betelana bai bertsotan eta bai bizitzako situazio ugaritan. Kotxean, adibidez. Kotxeko solasaldietan. Horixe islatuko du BTLN saioak: kotxeko solasaldia. Bertso saioa ikusi osteko etxera buelta. Ordubetekoa, gutxi gorabehera. Eta Danele Sarriugarteren (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) gidaritzan. Bera ariko da aurkezle eta moderatzaile lanetan, eta aldamenean izango ditu hiru bidaide, hiru bertsolari, hiru iruzkingile prestu: Asier Galarza (Muxika, Bizkaia, 1996), Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) eta Lide Arregi (Oñati, Gipuzkoa, 2006). Ikusi berri izango duten finalaurrekoa komentatuko dute, eta argia.eus-eko bisitariak astelehen iluntzean (20:00etan) ikusi ahalko du iruzkingileek zeini edo zeri egin dioten tranpolina eta zeri tranpola. 

Saioaren sintonia Tapia eta Leturiaren Astotxo bat baneuko kantuan oinarritua da, haien baimenarekin moldatua. Malakias-ek egin du remix-a. 

Laukote hori ariko da kameren aurrean, Maialen Aranak eta Pello Basurtok diseinatu duten plato ederrean. Eta kameren atzean, hau da, teknikan eta gidaritzan, Eneritz Arzallus, Manex Moreno eta Leire Ibar egongo dira. Baina BTLN saioaz aparte, ARGIAk jarraipen estuagoa egingo dio EHBTri behin finalaurrekoetan sartuta: Maria Ortega eta Gorka Peñagarikano ariko dira saioak bertatik bertara jarraitzen, webgunerako zein papererako, eta Oihana Aranak idatziz ere egingo ditu analista lanak. 

Lehiaketa

Ikus-entzuleen parte hartzea bultzatuko du BTLN saioak, datozen bertso saioetan bi sarrera eta ARGIAko produktuak zozketatuta. Parte hartzeko, bertso saiorako joaneko edo itzulerako uneren bat erretratatzen duen mezua bidali beharko da. Lekunberriko saiora joateko autoa partekatzen duen lagun kuadrilla bat, adibidez, BTLNko kideek bezalaxe. Edo garraio publikoan doana.

BTLN Betelana bertso txapelketari buruzko ARGIAren saioa