Originaltasuna
Janire Arrizabalaga
2026-10-29
Originaltasuna –
Powered by RedCircle
Oholtza berean bi bertsolari
eta bientzako gai bat.
Ezkerrekoa hasten da.
Badaki nola amaituko duen, baina beste guztia abestu ahala doa sortzen.
Bukatu du.
Publiko guztia txaloka dago.
Bateren batek “Ze ona”, egin du oihu.
Eskuinekoak “Kaka. Amaiera berdina neukan” esan du bere baitarantz.
Nola da posible hori?
Nola da posible bi bertsolari hain desberdinek
ideia berdina edukitzea
berdin formulatuta
eta seguruenik, garatuz gero
errimak errepikatuta.
Bi bertsolarik
bakoitza bere bizipenekin
bakoitza bere erreferentziekin
bakoitza bere mundu ikuskerarekin.
Eta hala ere
irudi berdina
konparaketa berdina
ateraldi berdina.
Eta hala ere
bururatzean biak zeuden ziur
haien ideia izan zela.
Duela ezdakitzenbat txapelketa, ezdakit non, ezdakit zeinek ere, antza
berdina bota zuen antzeko gai bat jarri ziotenean.
Agian, berak ere usteko zuen bere ideia izan zela.
Agian, berak ere kenduko zion amaiera ofiziokideari.
Guztioi gustatzen zaigu barne mundua dugula pentsatzea.
Gure oroitzapenak ditugula.
Gure interes propioak.
Gureak eta ez beste inorenak.
Desberdin egiten gaituen horrek definituko bagintu bezala da.
Baina hor dago beti errealitatea ezetz erakusteko.
Beti azaltzen da antzeko norbait.
Interes berdinak dituena,
bizipenak
kantaera.
Dena jaso baitugu besterengandik.
Entzun ditugun istorioak.
Abestiak.
Filmak.
Baita desberdinak garela esateko erabiltzen ditugun hitzak ere.
Bertsolariak inprobisatzen duela uste du.
Eta bai, hala egiten du.
Baina inprobisatzea ez da hutsetik sortzea.
Inork ez du hutsetik sortzen.
Ikasten duenetik inprobisatzen du bertsolariak.
Bertso asko entzun ditu
gai asko
eta gai horiek lantzeko aukera desberdinak.
Errima konbinaketa posibleak entzun ditu
funtzionatzen duten metaforak
eta barre eraginarazten duten hitz jokoak.
Buruan dauka hori guztia, bera kontziente ez bada ere.
Zenbat bertsolari egongo ziren porru eginda baserriko gaietan?
Zenbatetan botako zen Mercadona merkea eta ona dela?
Ez du inork pentsatzen, “bertso hau kopiatuko dut”
edo agian bai, baina kontua ez da hori.
Kontua da zerbait egiteko
zer egin den eta zer egiten den
ikasi ohi dugula.
Zer egiten den jakiteak
zerk funtzionatzen duen erakusten dizu.
Eta zerk funtzionatzen duen jakiteak
errepikapenaren tentaldira eraman zaitzake.
Hori da esperientziaren paradoxa.
Tresnak ematen dizkizu, baina gehiegi erabiliz gero
automatismo bihur daitezke.
Automata bihur zaitezke.
Eta zer zentzu du bertsoak piloto automatikoan?
Horregatik ditut horren gogoko eskolartekoak.
Ez da bertsokerarik garbiena izango
baina akatsera eramaten gaituzten bideek ere
gauza berriak erakusten dizkigute.
Bat-batean
esperientziadun bertsolari batek baztertuko lituzkeen errimak agertzen dira.
Inoiz bururatuko ez litzaizkiokeenak.
Errimatzen dute six seven
story
eta toto de loca.
Seguru nago ez dizkietela elkarri ideiak lapurtzen.
Seguru nago ez dutela pentsatzen “kaka amaiera berdina neukan”.
Bat punta batera doa.
Beste bestera.
Ez du beti funtzionatzen, noski,
baina saiatu egiten dira
eta hurrengoan, hobeto sartzen dute hanka
baina sartzen dute.
Eta pentsatzen duzu
ze ondo
eta ez
ze ona.
Horrela egiten dute topo bi bertsolari ezberdinek
esaldi berdinean.
Ez antza dutelako
zerbait partekatzen dutelako baino:
bertso on batek nolakoa izan beharko lukeenaren ideia.
Hori da estandarizazioa.
Hori da homogenizazioa
Ez guztiok berdina esatea,
baizik eta denok hartzea aukera berdinak posibletzat.
Badakizu horrek funtzionatzen duela eta punto.
Horregatik ateratzen zaizu
eta hori da arazoa.
Zerbait ateratzen denean,
zaila da jakiten nork ipini duen hor.
Horrek pentsatzera narama beharbada ezjakintasuna ez dela
jakintzaren aurkakoa.
Agian jakintzak mugatu gabeko toki bat baino ez da.
Bide bat jakitean sarritan
beste bat bilatzeari uzten diozu
beste bat arakatzeari
beste bat sortzeari uzten diozu.
Helduko zara, bai
baina ez duzu inoiz jakingo horretaz gain
beste biderik ote zegoen
beste bide hori hobea zen
edo sinpleki ez zegoen.
baina ez duzu jakingo.
Hor agertzen da inteligentzia artifiziala.
Irakurtzen daki
klasifikatzen
aurreikusten
Eta bertsotan? Noizbait ikasiko al du bertsotan?
Bateren batek pentsatuko du, “Patroiak errepikatu baino ez du egiten”.
edo “Ikasitakoa erreproduzitzea ez da sortzea”.
Eta zer egiten dugu guk ba?
Ez diot berdina denik.
Hori esatea errezkeria litzateke.
Bertsolariak ez du erreproduzitu soilik egiten
bururatu egiten zaio
eta gorputzetik pasatzen da gero.
Ahotsetik.
Atzean ditu entzundako bertso guztiak
eta aurrean epaitzeko prest, publikoa.
Segundo gutxi batzuetan, badu zer galdua.
Huts egin dezake
trabatu
hitzik gabe geratu.
Zerbait esaten hasi daiteke
eta esaten ari den artean
damutu.
Errima bat esaten ari dela uste
eta beste bat abestu.
Makinari ez zaizkio halakoak gertatzen
eta horrek bai
egiten gaituela bakar.
Beraz, ez da zerbait berezia sortzea bakarrik
sortzeko zerbait arriskatzea ere bada.
Huts egin ahal izatea eta huts egitea.
Originaltasuna fantasia harro bat baino ez da.
Kontua ez da inoren antzik ez izatea.
Kontua da ea zer egiten duzun
zerbaiten antza izaten ari zarela nabaritzen duzunean.
Hor dago sormenaren gakoa.
Ezagutzen duzun erantzun bat ematera zoazela
jabetzen zaren segundo horretan.
Esaldi egokia azaltzen zaizun unean.
Funtzionatuko duela dakizun esaldia.
Gustatuko dena
eta hala ere
ez abestea erabakitzen duzu.
Ez erantzun hobe bat duzulako.
Hortik aldenduz zer gertatzen den jakin nahi duzulako baino
huts egitea aukera posibleena dela jakinda.
Agian makinaren arazoa ez da patroiak errepikatzen dituela
agian arazoa da
guri ahaztu zaigula patroi horiek nola hautsi.
Baina inoiz ez da berandu.
Seguru nago guztiok dugula
gure eskolarteko nia barruan.
Atera dezagun gehiagotan.


