Ze nezesidade?
Pentsatu duzu sekula zergatik zabiltzan bertsotan?
Ze nezesidade? –
Powered by RedCircle
Ez, ez naiz hasieraz ari, ezta euskara klase monotono hura bi astez behin jolas bilakatzen zuen bertsolaritza irakaslearen eraginaz ere; ez dizut galdetu bertso eskolan zebilen ezagun hark taldera gonbidatu zintuenekoaz ere.
Bertso eskolako ibilbideak bere dituen erronka eta zailtasunez gaindi diot, bertso eskolako kideek futbolaren, pilotaren edo musikaren aldeko hautua egin zuten bitartean, zergatik eutsi zenion zuk asteroko hitzordu hari?
Lehenengoz jendaurrera buruz ikasitako bertso harekin irten zinenean ez bazinen kantatzeko gai izan, nolaz itzuli zinen bertso eskolara?
Bertso traumen lehen solairua, lehen atea, ezkerreko apalategia, bigarren karpeta:
Villabonako Olaederra Kiroldegia, 2003. 12 urte. (Joder, 12 urte eta buruz bertso bat kantatzeko inkapaz nintzen? Hala dirudi). Kiroldegi bete, Egunkariaren itxiera salatzeko mobilizazioen artean antolatutako ekitaldia. Ilun, foku itsugarri bat begien parean. Bertso eskolako bi-hiru lagun izango ginen, amnesia selektiboak ezabatu egin dizkit, testuinguru gehiena bezala. Bakarrik gogoratzen dut nire burua, argi itsugarri baten aurrean, bertso hura erdiraino behin eta berriz hasten. Jende onberak txaloz animatu nahi ninduen, baina horrek ikusezin zitzaidan jendetza sentitzera eramaten ninduen, eta ez nintzen bukaera gogoratzeko gai. Ez naiz anekdotaren amaiera gogoratzeko gai ere, pentsa. Ez dakit bertso hura amaitzea lortu ote nuen sekula. Ez dut gogoan zer esan zidan jendeak gero, esan ote zidan zerbait. Lotsaz bakarrik oroitzen naiz. Lotsa da, nirekin oroitzen dena, oraindik sentitu egiten dut barruan mugitzen.
Nola eta batez ere zergatik itzul liteke haur edo gazte hori bertso eskolara hurrengo astean? Hori da nire galdera.
Ze, onar dezagun, dramatismoz kontatu dudan une haren antzeko asko etorriko ziren atzetik, hasi ikasturte amaierako festatik eta eskolarteko txapelketetara… Eta ez, ez genuen berehala hartu gure buruari barre egiteko distantzia.
Hortaz, zer arraiok eusten gintuen horretan?

Bertsolari gisa elkarrizketatu duten edonori egin dioten lehen galdera izan ohi da: nola hasi zinen bertsotan? Ni oraindik txunditzen nauena beste hau da: nola eta zergatik jarraitu duzu geroztik?
Ez dakit badagoen jendaurrean burua hutsik geratze hori konpentsa lezakeen talde girorik edo merendolarik, egia esan.
Badakigu ze motibazio eta obsesio neurri eskatzen duen bat-batean trebatzeak, erritmoa hartzeak, norbere ahotsaren bilaketak, ideien lanketak, sormenean tematzeak. Tema eta seta, alegia. Bada, beraz, erronka horretan asko asetzen gaituen zerbait, gainerako guztia gainditzen duen zera bat.
Ez dakit nola deitu behar geniokeen. Ez dakit nola deskribatu ere. Baina amildegia alanbrearen gainean onik gurutzatzea baino gehixeago da, ebaztezina zirudien esaldi tolestura aurkitzeaz askoz harago doa, azken milesiman ustez ez zeneukan errima hori agertzeak duen printza baino argi biziagoa da. Horiek bat-batekoaren poxak dira, uneko asetasunak. Baina epe luzera, zein dira alanbretik zintzilik geratu zarenetan, disimulatu ezinezko trabatuak izan dituzunetan, gai batek kulerotan harrapatzen zaituenetan, berriz lanera eta fintzera zaramatzaten arrazoiak?
Akaso galdera handiago bat dago honen azpian: zer funtzio bete nahi zenuke bertsotan, edo zer funtzio nahi zenuke bertsoak zuretzat betetzea?
Bale, bai. Horrela esanda gehitxo dirudi, baina denok dakigu bertsotan ez garela trebatzen lagunei ezkontza edo hiletako bertso ponpoxoak idazteko.
Bide batez: aurkitu al du inork horrelako konpromisoetatik ihes egiteko modu eleganterik? Lagun batentzat da.
Ez naiz ni izango bertsoaren funtzio hori gutxietsiko duena, ezta inondik ere. Heriotza baten aurrean gertuko norbaitek hor goxotasun apur bat bilatu ahal izatea bertsoak lor dezakeen gauza handienetakoa iruditzen zait. Hala ere ulertu didazue ze gehiengoz ari naizen, baietz?
Normalean whatsapp mezu bat izaten da: Kaixo, aspaldiko, ondo? Eta konpromisozko galdera mordo baten segida, ea noiz elkartzen garen tipoko gezurrekin apainduta. Horrelako mezuek streaming plataformetako botoia ekarri behar lukete, badakizue: “saltatu iragarkia”.
Baina gatozen harira, ez da bertso mota hori egunero ideiak eta esamoldeak lantzeko gogoa pizten diguna, normalean. Eta berriz diot, ez da gutxi. Ezta barrea eragitea ere, edo euskarazko jardun batekin plaza betetzea ere. Baina bada hor beste zerbait.
Jendea plazan biltzen duen arrazoia, gu plazara garamatzana (gure banitate eta protagonismo dosiaz harago, esan behar da; ze hori ere badago, gehiago edo gutxiago, boladaka). Baina jendea ez dator horregatik gu entzutera. Bertsoaldi antologiko bat aurrez aurre bizitzeko probabilitateak darama horra, eta halakorik ezean, une atsegin edo interesgarri bat pasa ahal izateak.
Antologikotzat zer har litekeen eztabaidak luze joko luke, gaiari helduleku original bat aurkitzetik ateraldi harrigarri batera, baina bertsoak badu beste arte diziplina askoren artean bereizgarri bat: uneari eta guneari erantzuteko gaitasuna. Ez ote da hori; alegia, astintzen gaituzten uneko gaiak apur bat umorez edo minez astindu ahal izatea bera, gure gaitasuna eta begirada zorrozten saiatzeko nahiko motibo?
Ez ote da komunitatean inporta zaizkigun gaien inguruko gogoeta, jolas eta eraldaketa intentzio hori, elkarrengana garamatzana? Bat-batekoak aukera hori du, eta inprobisazioak duen bestea da intentzio hutsean gera litekeela. Aukera hutsak intentzioa zor du: “pasioa da hemen, exijitzea zilegi den gutxieneko hori”, oroitzen?
Ez ote da hori, abiapuntua? Gure burua harrapatzea gai korapilatsuen aurrean kokapen edo galdera egokien bila, edo munduko erreferenteen ahotsetan guk Euskal Herriko eta euskarazko markotik zer esan dezakegun, edo gauza bera esan ote dezakegun hausnartzea, uneko minei putz egitea, herrigintzan eta eskalgintzan dabiltzan taldeei bultzada ematea, mugimendu sozial eta politikoen (barkatuko didazue erredundantzia) ekimenei lekukotza bat eskaintzea… Bada hori ere. Horren guztiaren plaza ere izan liteke bertso plaza.
Askok egiten duen galdera da, batez ere txapelketa garaian, gure buruari maizen egiten dioguna, ziurrenik: ze nezesidade?
Txapelketa baten aurrean edo bertso eskolatik lehen plazen aurrean zuen mamuekin borrokan zabiltzaten guztiei, beste hau opa dizuet: zergatik eta zertarako nahi dut bertsotan egin? Ze nezesidade-ren aldaera interesgarri edo emankorrago bat izan daiteke.
Eta, esan bezala, erantzuna izan liteke koadrilan barre apur bat egiteko.
Eta nahikoa da, nola ez!
Ze, beste funtzio handinahi horiek, epe luzerako norabidean laguntzen duten arren, handitxo gera litezke egunerokoan. Eta, gainera, onar dezagun, ziurrenik bertsoak ez du gure bertsokeraren nezesidade edo beharrik.
Orduan, zergatik gabiltza bertsotan? Ba ziurrenik bertsoagatik. Eta ahal dela, gure alde…
*Musika: Sinking Feeling, Jesse Spillane. Free Music Archive

