Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2020-12-11

2020-2021

2020-2021 –

Gogoratu naiz nola poztu ginen 2019ko abenduaren 31an, gauerditan atzera kontua amaitu eta 2020 iritsi zenean. Azkenean hamarkada berrian sartuak ginela pentsatu genuen, 10ak gibelean utzi eta 20en arora sartu ginela. Gogoratzen naiz nola gure 20 urteen langa pasako genuela pentsatu genuen 2000. urtean sortu ginen guztiok. Ilusioz beterik txin-txin egin genuen eta txanpaina kopak ahoratu, gure aurrean genuen urte ustelaz jabetu gabe.

Orain, oroitzapen zaharrak besterik ez dira urte zaharrak, elkartzen gineneko momentuak, besarkadak eta kopa bete txanpain eginiko txin-txinak. Hipokrisia osoz deskonfinatuko dute iparraldea gabonetan eta urte zaharra ospatzeko, ekonomia ez dadin erori. Baina gu aspaldi erori ginen zepoan, eta ematen diguten askatasun zantzu soilekin poztea ohituratu gara dagoeneko.

Pena da, baina orai, gure lehengo askatasunen ilusio horri eusten diogu klandestinoki elkartuz, elkar ikusiz, klandestinoki elkar besarkatuz. Bertso saioak ere klandestinoki antolatzen ditugu orain, bertso eskolak bezala. Xilabari pausa botoia sakatu diogu, eta etorkizuneko planak planifikatzen hasi gara, a edo b planen artean errealistena hautatzen.

Baina goitik datozen erabaki arbitrario eta anarkikoek kultura bera baldintzatzen duten honetan, bertsoa.com begiratzea besterik ez zaigu geratzen, bertsoa zer zen gogoratzeko bezala. Kultura telematikoari ohitu gaituzte, maskara, distantzia eta mugimendu murriztuei ohitu ginen gisan.

Ez dakit zer dakarren 2021 urteak. Dakidan gauza bakarra da nik 21 urte beteko ditudala, 20+1ek 21 egiten duela, eta kopak erdi beterik edo erdi hutsik, txin-txin egingo dugula.

2020-2021

2020-2021