Enare Muniategi
Enare Muniategi

2017-10-05

Aferak

Aferak –

Zenbat maite dugun kontu kontari ibiltzea. Astea zelan pasatu dudan jakin nahi du Amumak domekero, eta zelan asteburua klase-kideak astelehenero. Maite dut afalostean sofan jarri eta berrien inguruan gurasoekin berba egitea. Nork ez du maite larunbatetan tabernako barran mundua konpontzea?

Zoritxarrez edo zorionez, mundua konpontzen ahalegindu arren munduak martxan jarraitzen du, gora eta behera, aurrera eta atzera, eskumara eta ezkerrera… Larunbatero gaua goizerarte luzatu arren kontu guztiak esan eta arazo guztiak konpontzeko, ezin jira-biren parera heldu seigarren martxa sartuta ere.  Egunkaria ireki edo irratia piztu eta informazio bonbardaketa, kazetarien kronikak, politikarien iritziak, interesen arabera kontaturiko notiziak… hauen barruan sartzen dira esate baterako, Kataluniako erreferenduma, nor den Puigdemonten ile-apaintzailea, Trumpen tranpak, Txapelketa Nagusia, nork irabaziko duen hurrengo saioa, zer bazkaldu duen gaur lehendakariak, auzoko txutxu-mutxuak edota zabaldu duten saltoki gune berria…  

Munduaren martxa harrapatu nahian, pil-pilean dauden gaiak mahai-gainean jartzeko asmoz eta bertsolari gazteak entzuteko gogoz, “Aferak” bertso-dinamika jarri dute abian. Elorri Bertso Eskolak eta Deustuko Herriko Tabernak ez dute nahi denon ahotan eta egunkarietako azaletan dauden gaiak, arazoak edota iritziak haizeak eramaterik edota irakurri ostean ahazterik. Horregatik, ostegun iluntzeak kontuz beteko ditu “Aferak”-ek. Eta gaua laburregi geratuz gero, goizerarte luzatuko dugu bertso kantua mundua konpondu arte. Ba al dago kontu kontari ibiltzea baino plan hoberik? Ez dut uste, eta ni joango naiz, gutxienez domekan amumari zer kontatu izateko. Bertan ikusiko dugu elkar!

Aferak

 

Aferak