Txikitan hondartzan nengoela jakin nuen klaustrofobikoa nintzela. Nebak harean zulo bat egin,
bertan sartzeko esan eta barruan nengoela leporaino tapatu ninduenean. Handik hamar urtera
ohartu nintzen, ordea, agorafobiarenaz. Agorak Greziako polisetan zeunden plazak ziren eta
beroriek ziren komertzio, politika eta kulturaren zentro. Zentroa.
15 urterekin egon nintzen nire lehenengo agoran, lehenengo plazan. BBK sariketa genuen eta
haraxe “bota” ninduten, nola gladiadoreak lehoietara. Agoraren erdira. Gogoan dut listurik ere
ez nuela ahoan; hankek dar-dar egiten zidatela; eta, normala denez, ez dut bertan botatako
bertsorik gogoan. Ez dakit zergatik segitu nuen bertsotan, egia esan. Halako trago txarrak
pasatzen jarraitu nuen hurrengo aldietan plazara ateratzen nintzen bakoitzean. Bertsotan
egitea gustatzen zitzaidan, bertso eskolan genuen giroa ere bai; baina plazara, zentrora,
ateratzea suplizioa zen. Eta, hala ere, bertsotan segitu nuen. Masokismo puntu bat izango
nuen-edo. Baina ez da beti horrela gertatzen. Bertso eskolan hasi nintzenean, nire adin
bueltako hiru kide gehiago nituen. Bi neska eta mutil bat. Handik gutxira neskek bertso eskola
utzi zuten. Ez dut uste jendaurrean saiorik egitera ailegatu zirenik ere. Eta ez zen bertsotarako
maila onik ez zutelako.
Adin hori konplikatua da. Hori egia da. Konplejuak, besteek zer esango duten, epaitua
izatearen beldurra, autoexijentzia.. Nork nahi du adin horretan zentroan egon, gainerakoek
hatz lodia gorantz edo beherantz jarriko zain? Are gehiago neska izanda. Badirudi mutilek
errazagoa dutela plazarako pausua ematea, bidea eginago dutela. Akatsa errazago barkatuko
lieketela bai bere buruek eta baita bere inguruak ere. Agian, zentroan egotera ohituagoak
daudelako.
Amaitzeko, datu bat. Aurten Bizkaiko txapelketan aurrekoan baino emakume gutxiagok eman
du izena. Ez da, ba, agorafobia emakumeei bakarrik eragiten dien gaixotasun horietakoa
izango? Ezetz esango nuke, eta, beraz, denon artean soluzioa topatu beharko genioke gaitzari.
Eta gure neska gaztetxoak zaintzen hasi eta agorak eurenak ere badirela sentiaraziko bagenie?