Egoitz Zelaia
Egoitz Zelaia

2025-06-26

Ahoan / Hago han

Ahoan / Hago han –

 
 
Umea jolasera
datorren parkean
atzeman izan dute
inoiz hutsartean
baina ahantzi dute
hango hondar pean  
elkarrekin aritzen 
diren bitartean.
 
 
Atzeman izan dute
lehen aipagaian
haien buruak egin 
duen pertsonaian
baina ahantzi dute
jarrita mahaian
zigarreta pizturik
kafeko garaian.
 
 
Hondartza handi baten
harean erdira
heldu eta atzeman
diote desira
baina ahantzi dute
dakarren segida
gauerdia heltzean 
izarrei begira.
 
 
Atzeman izan dute 
leku batzuetan
administrazioko
lehen kukuetan
baina ahantzi dute
estres uneetan
esleitu behar diren 
aurrekontuetan.
 
 
Bikote gazte baten
egungo klixean
atzeman izan dute
gauzez futitzean
baina ahantzi dute
biak isiltzean 
kanapean jarrita
Netflix ipintzean.
 
 
Atzeman izan dute
story batean
edo Youtube edo
Tik-token atean
baina ahantzi dute 
bigarren likean
influencer handien
begiradapean.
 
 
Politesiaz ari
behar zirenean
atzeman izan dute
beren barrenean
baina ahantzi dute
azken orenean
haien buruarekin
ari direnean.
 
 
Agian ari zaidan
garuna herdoiltzen
nik beti atzeman haut
oztopoak goitzen.
Jarraitu behar dinat
hitzen mina doitzen
hi gabe gurik ez zen
garaia oroitzen.
 
 
Ahoan / Hago han