Aireportuko kafetegitik

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2018-09-24

Aireportuko kafetegitik –

Bertsolariak saio bakar baten hamaika pertsonaiaren azaletik kantatu ohi du. Izaera, sexu, jatorri, ezaugarri, etab luze ezberdinez jantzitako pertsona bihurtu ohi da mikrofono aurrean. Pertsonaia horiek sortzeko inspirazioa hainbat lekutan bila daiteke, liburuetan, pelikuletan zein aireportuetan.

Aireportuko kafetegitikAireportuko kafe eskasa bi euro eta piku pagatu ostean aurrera eta atzera dabilen jendeari begira nago. Alboko mahaian kafe zantar berdina hartzen pamela eta guztiko 70 urteko andrea, ilobak gehiago zaindu behar ez dituenez oporretan doana. Hasiera baten ez zekien Benidormera edo Malagara joan, eta azkenean Tenerifera joatea erabaki du; hori bai, ez du hartu bueltarako hegazkinik, batek jakin noiz gogaituko den, edo itzuliko den ere.

Pantailetara begira dabilen enpresariak, ordea, badaki noiz bueltatuko den. Madrilerako lehenengo hegazkina hartuko du eta azkenengoan etorriko da bueltan. Maletinean bilerarako ordenagailua eta paper garrantzitsuak daramatza. Bada ez bada jesarri ere ez da egiten, denbora galtzea ez dago bere planen artean.

Alde handia dago maletin bat eraman edo Luis Vuittonen lau maleta. Aberatsak horrela joan ohi dira bidaian, edo lanera, edo batek jakin nora doan bere atera korrika doan 45 urteko bidaiari elegantea. Agian, maletak hutsik daude eta New Yorkera doa, bertan erosketak egin eta beteta ekarriko ditu bueltan; egia esan, ez da plan txarra horrelako dirudunentzat.

Umeak ere ikusten dira tarteka maletarik gabe zein modako marrazki bizidunen motxilarekin. Hauek pozarren doaz, batek daki nora eta batek daki noiz arte. Badaki ondo pasatuko duela eta bueltan hamaika istorio kontatu ahal izango dituela eskolara bueltan. Eta sentimendu berdintsuekin doa 25 urteko gaztea, motxila hartu eta Hego Amerika ezagutzera doana, ahal dela asko bidaiatzera eta bidaiok ordaintzeko lanen bat topatzeko asmoz, batek daki non amaituko duen eta noiz bueltatuko den, edo bueltatuko den ere.

Bertsolaria pertsonaia hauen maleta barruan zer dagoen, nora doazen, zer sentitzen duten, zertara doazen, etabar luze baten sortzaile da. Alegia, kantatzen hasi orduko segundo laburrak aireportuan hartutako kafe zantar eta luzeen fruitu dira.

Aireportuko kafetegitik