Oihana Bartra
Oihana Bartra

2017-01-10

Amaiera

Amaiera

Amaiera da bertsotan lehenengo pentsatu behar omen dena. Azken puntua. Edo hori esan digute beti bertso eskolan. Baina zer da amaiera bat? Amaiera aurrera egiteko, hurrengo bertsoarekin jarraitzeko, bidea da. Azken puntua baino, puntu eta jarrai. Bizitzan bezala. Gauzak hasi eta amaitzen dira. Edo hasi eta aldatu. Edo hurrengo etapari (bertsoari) bide ematen diote.  

Barkatu, baina ez nago bertso-irakasleekin ados (neu ere izana naiz horietako bat). Ez dut uste amaiera denik lehenengo pentsatu behar duguna. Sentsazioa daukat beti ari garela amaierari begira, azken puntua noiz helduko zain; tarteko guztia moldatzen goazela etengabe, aldez aurretik buruan hamar zortzira ekarrita daukagun amaierarekin bat egin dezan. Ez al da bidea (betelana) garrantzia duena? Amaiera helduko da heldu behar denean, edo agian ez da helduko, edo heltzen denerako hasieran pentsatuta genuenak zentzua galdu eta beste amaiera bat pentsatu beharko dugu.

Eta, bitartean, inprobisatu.

Amaiera

Amaiera