Manex Agirre
Manex Agirre

2023-12-13

Arkitektura eta galbana

Arkitektura eta galbana –

Blog honetan argitaratutako azkenaurreko testuan (azkenaurrekoa diot, ez alferrik, irakurtzen ari zaren hau baita azkena, eta hala izango baita; beraz, aintza eta goraintzi zuri, pantailaz bestalde orain arteko aleetan konpainia egiteagatik, eta eskerrik asko Bertsolari aldizkariko lagunei, aukera emateagatik) txapelketa-aurreko bertso-eskolez aritu nintzen, entrenamenduaz, hain zuzen ere, eta bukaera aldera aipatu nuen kuestionatu egiten dela, saio horietan, bakarka noiz eta nola aritu, ez baita erraza asmatzen probetxua nola atera entrenamendu egokiaren mesedetan, zaindu egin behar baita kiderik gabe kantatzeko unea, aho-zapore garratzez etxerako bidea hartzeko arrazoi nagusi izaten baita sarri.

Bada, listo itxurak egiten ariko nintzen hori idatzi nuenean, zeren eta gaur da eguna Aramaioko bertso eskolan, Arabako txapelketa badatorrela eta, erdi-juntatzen hasi garenetik, bakarkakoa lantzen hasi ez garela (tira, ez da egia, behin egin dugu, gutako batzuk; agian, hobe da esatea “gaur da eguna ez garela bakarkakoa fundamentuz lantzen hasi”). Horren arrazoia garbia da: galbana, nagia, pereza; ofiziotan ondo samar egin ondoren gaiari kantuan hasi eta hankaz gora jausteko beldurra, agian. Aritu denak bai baitaki lana eskatzen duela gai baten kontra bi edo hiru bertso eraikitzeak, eta lan hori, bada, horixe, bakarrik egin behar duzula, lagunik, kiderik edo lehiakiderik gabe. 

Eraiki esan dut, arkitekturarena ez baita alferreko konparazioa; bestela, ikus-entzun besterik ez dago Nerea Ibarzabalek Lemoan azaroaren 25ean jasotako eraikin gordin eta ederra, zimenduetako aurkezpen (1. bertsoan), goranzko konkrezio-bide (2. bertsoan) eta azken solairuko (3. bertsoko) ukitu lirikoduna. Edo Saioa Alkaizak abenduaren 2an Iruñean egindakoa, agian ohituta gauzkana baino zabarxeagoa exekuzioan, baina bakarkakoetan eraikuntza-lana gaia entzun baino askoz lehenagotik hasten dela erakusten duena, seguru asko Aramaiokoak baino ganora gehiago duen bertso-eskola batean, doinuaren aukeraketak, besteak beste, dakarren proposamen estetikoa lantzen hasterako unean. Edo 2005eko azaroaren 6an, Hendaian, Unai Iturriagak polizia batekin ligatzen ari denaren paperean egindako arkitektura-lan inposiblea, etxeorratz bat buruz behera eraikitzearen parekoa, Nolan-en Inception hartako Ariadna arkitekto gazteak Paris alderantzizkatu batean egindakoa gogorarazi dezakeena, neurri batean.

 

Arkitektura eta galbana

 

Jaio garen garaikoak gara. Sarri idatzi da bakarkako ariketek, bereziki txapelketen testuinguruan, azken hamarkadetan izan duten tirania-ukituaz; horixe da bertsoen jiran gabiltzan denon testuingurua. Hala kantatutakoek dute oihartzunik handiena. Errazago iltzatzen dira gogoan. Gezurra ematen du hiru bakarkako alek ofiziotako hiruk besteko balioa izatea, puntuazioari begiratuta. Goitik eta orekatuta doan saioa egiten duenak jasoko du puntu gehien, baina bakarka ondo egiten duenak izango du beste… zera bat. Ez publikoarentzat bakarrik, baita kantatu duenarentzat ere: “gutxienez bakarka zerbait egin dut”. Eta, alderantziz, txapelketako saioaren hasiera-partean ondo aritu eta ganbarakoan laprast egin duenak ez du esango “ofiziotan ondo aritu naiz behintzat” honakoa baizik: “ofiziotan ondo, baina bakarka kaka egin dut”. Izan ere, tontoak dirudigu: bertso eskolan, entrenamenduan, ofiziotan duin aritu ondoren, zertarako bakarkako txar batekin dena izorratu? Hobe ez kantatu eta etxera pozik joan. Aramaioko bertso eskola da onena.   

Arkitektura eta galbana Arkitektura eta galbana