Arratsetakoak

Iker Gorosterrazu

Iker Gorosterrazu

2020-07-02

Arratsetakoak –

Bertsolariok parrandazale fama izan dugu beti. Bertsoaren bueltan besta aunitz egin ditugula ukatzea ezinezkoa da. Edozein bertso bazkari edo afarik badakigu nola akitu dezakeen. Txapelketaren edozein saio ere aitzakia ederra da gero kontua luzatzeko. Zer erranik ez txapelketaren finala baldin bada. Aurtengo udaberrian Bardoen finala eta ondorengoak ere hortxe gelditu zaizkigu zintzilik, dantzan.

Dantzan erran dut baina ez dakit bertsotan bezain ongi moldatzen ote garen dantzan. Ezagutzen nautenek badakite zenbat gustatzen zaidan parrandan, mingaina ez ezik, hankak zein gerria astintzea. Harrigarria da zenbateko gaitasuna dugun ordutako bertso saio batean entzule edo bertsolari izan ondotik arratseko ordu ttikietan ere hitzarekin errimatzen jarraitzeko. Zenbat lagun bertsozale ere aspertu ditugun! Neronek ere bertsotan ari direnengandik urruntzen akitu izan dut… baina dantzarako prest dagoen jende gutti harrapatu dut bertso munduan! Zorionez, beti aurkitu izan dut nire antzera bertsotarako gogorik ez eta dantzarako prest dagoen norbait.

Bertsotan aritzeko izugarrizko bertsolaria izatea ez da nahitaezko baldintza. Dantzarako ere, ez zara dantzari iaioa izan beharrik. Eta eskerrak, bertzela aunitzetan ez dakit zer eginen nukeen eta. Hala ere, gozamenerako tresna ezin hobeak izan daitezke biak. Etxean bakarrik egin daitezke baina bietan eskertzekoa da norbaiten konpainia. Lotsak alde batera utziz gero, plazererako bide ederrak dira biak. Edozein terapia emozionalerako ere lagungarri direla sinetsita nago.

Herria da gorputza eta hizkuntza bihotza. Xalbadorren jaiotze mendeurrenean ere ezin esaldia burutik kendu. Gorputza hizkuntza ere bada eta biekin jolastera animatzen zaituztet (hitzarekin bezainbertze).

Aurtengo udan faltan botako ditut herriko bestetako bertso saioak zein dantzaldiak, ostatuan ala plazan izan. Bitartean, hurrengo bertso bestaren zain ere egonen naiz aspaldiko lagun kuadrilla elkartu eta bertsotarako zein dantzarako gogoz.

Arratsetakoak

Arg: Unuaiga (Wikimedia)

Arratsetakoak