Egoitz Zelaia
Egoitz Zelaia

2026-06-12

Atzerako ispilua

Atzerako ispilua –

Doinua: Esaminatu izanttut ongi / Basetxe eder maitagarria

 

Atzerako ispilua
Arg: Iberium Web
 
Ye Vagabonds-en Danny kantua
amaitzear zegoela,
Levi´s ajatu batzuk jantzita
eta bistara sabela,
konturatu da taxia bihur
zezakeela zitadela.
Aieru batez adierazi
diot sar zitekeela.
 
 
 
Sartu da eta hasi da ezin
ele egokirik batu…
Ezker eskua begiratuaz
ari da nola salbatu
Bic urdin batek idatzitako
bi hitz erdi ezabatu.
—Zu lasai izan, ongi badakit
hara nola arribatu.
 
 
 
Behar den baino hitz gehiagori
ihes egin beharretan
begi urdinak ipini ditu
pantailaren oharretan
nostalgiaren irudi bila 
memoria hondarretan
edo maitasun berri bateko
taupada bipolarretan.
 
 
 
Lepoko batek hotza apaintzen
duen garaia pasa da,
hego haizeak bero bizian
urperatu du galtzada.
Noraezean dantzan dabilen
eskale baten gisara
taxi atzeko aulki batean
nork bilatzen du patxada?
 
 
 
Bisaia batek mila bizitza 
konta diezazkidake
baina guzia da asmakizun
eta posibilitate.
Behin atzerako ispilutxotik
begiratu banezake
isiltasunak hitz askok baino 
gehiago erran lezake.
 
 
Gidatu behar dugun erook
terapeutaren langintzan. 
Itsas ertzeko herri hauetan
ez dakit ongi gabiltzan
Heldu garela aipatu eta 
piztu da amilotx gisan…
Mila esker, ongi izan.
 
Atzerako ispilua