Autogestioaren bidez aunitz

Iker Gorosterrazu

Iker Gorosterrazu

2020-01-24

Autogestioaren bidez aunitz –

Oraindik ere oroitzen naiz txikiak ginenean lagunen artean sortzen genituen jolasetan zeinen ongi pasatzen genuen. Gurasorik eta heldurik gabe gure artean antolatzen genituen jolasen arauak zein irizpideak. Jolasak ez ezik, zenbat aldiz hasi ote ginen guk txabola deitzen geniona eraikitzen eta deseraikitzen, lekuz leku aldaketak egin eta probatzen. Aitortu behar dut nostalgiaz oroitzen ditudala momentu horiek eta tarteka gustura bueltatuko nintzatekeela txabola haietara.

Nerabezarora heltzen ari ginela ere, irudimena martxan jarri eta kuadrillakoekin makina bat otordu eta txango antolatzen genituen elkarrekin egon ahal izateko. Orduan hasi nintzen autogestioaren kontzeptua barneratzen eta horrek duen garrantziaz jabetzen. Nik ez nuen aukerarik izan baina ikasbidaia antolatzeko zenbat pintxo eta bizkotxo egin ote zituzten gu baino helduagoak ziren ikasle haiek!

Pixkanaka heldutzen joan eta gazte asanblada zein unibertsitateko ikasle taldeak barrenetik ezagutzeko aukera bikaina izan nuen. Modu horretan, autogestioan oinarritutako hainbat ekintza eta jarduera egin genituen. Niretzat, ikaskuntza handia izan da horien antolakuntzan parte hartu izana eta dena erreza izan zenik ez dizuet erranen baina pasatako orduetan ikasitakoa eta sentitutakoa ez ditut sekula atzenduko.

Bertsoaren inguruan murgildu izan naizenetan ere taldean hainbat jarduera modu librean eta  nahi dugun eran egin izan ditugu. Bertso eskolan norberak ariketa desberdinak prestatu eta klaseak gure artean antolatu ditugu. Nafarroan, bertsoari lotuta aurrerantzean ere badugu non ikusi eta entzun, non gozatu eta lagundu. Izan ere, aurten berriz dagokigu modu autogestionatuan Bardoak antolatzea (Bertsozale Elkartearen laguntza ukatu gabe, noski) eta horretarako talde bakoitzak saio bat antolatzeko ardura izanen du. Eta hori gutxi balitz, azken hilabete honetan Iruñeatik datorkigun berri bikaina: zortziko maldiko. Hilabetero, Iruñerriko bertso eskoletako gazteek Zaldiko Maldiko elkartean 4 bertsolarirekin saio bat antolatuko dute. Bertso saioa gutxi ez balitz, ondotik afaria ere emanen dute, den dena modu autogestionatuan antolatuta.

Gaur egun, guztia emanda bizi garen aro honetan, oraindik bada jasotzeko sortzen duenik ere eta bide horretan elkarlanean autogestioaren bidez aunitz ikasi, ikusi eta gozatu dezakegu.

Autogestioaren bidez aunitz

Arg: Nafarroako Bertsozale Elkartea

Autogestioaren bidez aunitz