Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2022-09-15

Azken puntu galduak

Azken puntu galduak –

Ez dakit sekula bizi ez duenari nola azaldu bertso osoa goitik behera ekarri ahala azken puntua gogoratu ezinak sortzen duen larritasuna. Bazatoz, azken puntu horri esanahia osatuz, hark baldintzatutako errimara esan beharrekoak doituz, eta ezin duzu oin hori zergatik hartu duzun ere oroitu. Zerbait zeneukan esateko, baina ez dakizu zer. Eta jendea zure aurrean, zain-zain (guk behintzat hala irudikatu nahi izaten dugu), eta hirugarren puntuko oina ahoskatzean milesima erdi duzu berreskurapen asmotan etsi eta beste oin batekin nola-halako zerbait esateko.

 

Azken puntu galduak
Arg: spoilt.exile

 

Ez dakit sekula bizi ez duenari nola azaldu, azken puntua falta duzula ohartu zarenetik amaierara heltzen ari zarela, azken milesiman hitz gakoa gogoratzeak ekartzen duen lasaitua eta poza. Euforia txiki hori. Azken pasahitza oroitu eta arrapaladan esaldi hura nolabait kokatu nahia edo behintzat, esaten zentozenari lur hartzeko moduko zentzu bat ematea. Segundo erdi irauten duen poz bete hori, bertso osoa nahi bezala kantatuta baino asegarriagoa, momentu horretan (ez epe luzera).

Gogoratzea lortzen ez ditugunak izaten dira gehienak, tamalez. Asko, saioa amaitutakoan itzultzen zaizkigu, eztabaida amaitu osteko neurriko erantzun hori bezala. Beste guztiak, linbo batean geratzen dira, garbigailuak irentsitako galtzerdi alargunekin edo kotxean erori zitzaizkigun ileko gomekin bizitzen.

Bada, hala ere, gogoratzen ez ditugun kasuan ere azken orduko salbaziorik. Gogoratzeko azken milesima iragan eta larrialdi plana aktibatuz bertsoa edozerekin amaitzeko bidea hartu dugunean ere, geratzen da azken aukera bat: bertso kidea. Haren esku geratuko da, esan ez duzunari balioa eman edo zure bertsoa salduta utzi. Askotan gertatzen da kideari antzematea ihes egin diola bertsoak, eta nondik zihoan harrapatu badugu, horri tiratzen ahaleginduko gara. Esan nahi zuena baina esaten asmatu ez duena usaindu badugu, arrazoi emango diogu apur bat ulertaraziz zer zerabilen (bada hau norberak pentsatutakoa hobetuz egiten duen kiderik!).

Bestalde, gerta daiteke nabarmen uztera jotzea, agertu duzun zulo hori azpimarratu eta bere alde baliatzea. Hau, gutxi batzuetan egin daiteke saioaren alde, publikoak ere nabarmen sumatu badu jokoaren parte egin eta bertso-kideari jokoa emanez. Kontrako asmoarekin egiten bada, elkarrizketa bera izaten da galtzaile normalean.

Azken puntu horretan zintzilik geratzen bazara, hobe zure ondoan puntu horri tira eta hirukoiztuko duen norbait izatea. Horrelakoen konpainian gutxiagotan ahaztuko zaizkizu zure azken puntuak, ziurrenik.

Azken puntu galduak