Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2025-04-30

Azkenean ezer ez

Azkenean ezer ez –

Azkenean ezer ez
Arg: Max Flinterman

Barraren ertzeko hitzak haizeak daramatza; sukaldeko egunkarian arkatzez apuntatutakoak hurrengo hilabeteko argazkiak estaltzen ditu. Baina Google Calendarreko notifikazioek ez dute huts egiten. Gabonetan esan bazenidan, udan bizikletan ibiltzeko geldituko ginela, kontuan izan eskolako teoriak ez bezala gelditu zitzaidala gogoan, eta hori gutxi balitz, uztaila bukatzerako telefonoak akordaraziko didala.

Pentsatzen dut bere burua bertsotan aritzen den norbait bezala aurkezten duen gehiagori ere proposatu izango dietela festa giroan: “Gaur eguna bukatzerako bertsotan egingo dugu“. Edo ezagutu berri dugun norbaitek esatea, elkartean urtero bertso afari bat antolatzen dutela. Normalean halako eta halako etortzen direla; haatik, datorren urtean gogoratuko direla eta zeuri deituko dizutela. Gero garaia iristean zenbaki ezezagun batetik telefonoak jotzen du, baina erantzuten duzunean beti da inkesta soziologiko bat bete dezazun eskatzeko. Beharbada elkarri eskua eman izanak zentzua galdu du kontestutik aterata. Agindutako zorraren hartzekodun, hobe da zenbait proposamen ahaztu egingo zitzaiela pentsatzea, oroitu arren, berariaz baztertu zaituztela irudikatzea baino.

Afari bakoitzaren ostean beste afari bat egin behar dela esaten da. Egunik jartzen ez bada, ez da inoiz iristen. Eguna jartzen bada beti iristen da. Baina eguna iristeak ez du ziurtatzen proposamenak martxan jarraitzen duenik. Askotan, animatu direnen zerrenda-mezuari emotikono negarti batek erantzuten dio: “Nik azkenean ezin dut”. Baina ezina oso gauza erlatiboa da. Eta mezuan ez da agertzen, ezina sofaren erosotasuna izan daitekeela. Desgaraian autobusik hartu nahi eza. Plan bati uko egiten badiot, beste plan bat hobetsi dudalako da. Zaila da mezu batean esplikatzea, baztertu dudan planak/pertsonak ez daukala lehentasunik zeregin posibleen zerrendan.

Inprobisazioak ez bezala, planifikazioak berea du bertan behera uztea. Osasun neurrien aitzakiak areagotu egin zuen lehendik ere orokortuz zihoan erreserbaren kultura. Duela urte batzuk eguneko menu bat jateko aurrez jatetxera deitzea pentsaezina zen, eta orain berriz, kafe bat hartzeko ere formularioa bete behar da webgunean. Oporretara joateko logela edo etxebizitza turistiko bat alokatu behar bagenu, gauza bera, bermetzat kreditu txartela eskatuko ligukete. Hitzak ez du balio fidantza modura.

Eguraldi baldintzak aldrebesten direnetan hegazkin asko desbideratzen edo lurrean uzten dituzte. Enpatia faltagatik akaso, ez didate pena berezirik ematen aste santuetan maletak aldean, eguzkitarako antiojuak jantzita Loiun gelditzen direnek. Aldiz, harritu egiten nau jendeak zer nolako segurtasunez kontatzen dituen oporretarako planak, dena aurreikusi bezala irtengo zaien konfiantzaz. Ni izango naiz pesimista.

Aurten neska bati Madrilen gertatu zaiona hedabideetan zabaldu da. Antza, lagunekin otordu bat egiteko Chamberí auzoko La Mina tabernara deitzen ari zelakoan, Bilboko Mina Michelin izardun jatetxean hartu zuen lekua. Bazkaltiarrak agertu ez zirenez, jatetxeko jabeek 480 euroko kalteordaina eskatu zioten. Bezero despistatuak gehitxo iritzita, zorrak ontziak garbituz kitatzea proposatu zien aurrena, baina azkenean, bi aldeak ados etorri izango ziren, “eduki sortzaile” honek auziaren inguruko abesti bat sortu, eta sareetan publizitate kanpainatxo bat egitearen truke.

Askotan eztabaidatu izan dut proiektuak elkarbanatzearen inguruan. Zerbaiten aurreikuspena izan, eta ingurukoei helarazteak ilusioa pizten du. Defendatu behar izaten dudana da, aurrez sortutako ilusioa zenbat eta txikiagoa izan, gaizki irteten diren proiektuen pena jasan eta onartzea errazagoa dela. Planak zenbat eta gehiago konpartitu, porrota datorrenean gogorragoa da irensteko. Bestalde, leporatzen didate proiektuaren bidea eta arrakastaren poza, are gozoagoak direla inguruko jendea jakitun denean. Agidanez, nekeza da asmatzen noiz erosi hartzari zintzarria, eta noiz saldu behiaren larrua. Kirol taldeen harrobiak lotailu gurutzatua hautsi duten promesaz beteta daude. Mundua aldatu behar zuten ekintzailez gainezka sofak.

Izurritea dela bide, ondorioztatu genezake posible dela edozer suspenditzea. Gauza gehienak ez direla diruditen bezain ezinbestekoak. Munduak bueltaka jarraitzen duela, goizero eguzkia irteten dela. Aldi berean erakutsi zigun, lagun arteko ohiturek, auzoko festek, norbanakoaren errutinek eta dinamika ugarik funtzionatzeko inertzia behar dutela. Gelditu ezkero ez direla berriro martxan jartzen. Uztea da errazena.

Azkenean ezer ez  Azkenean ezer ez