Badator

Joanes Illarregi

Joanes Illarregi

2021-09-01

Badator –

Bi urte eta erdiren ondoren, egingo zen edo ez zalantzan ibili ondoren, atzeratzera behartuta ikusi ondoren… badirudi azkenean baietz, udazken honetan Nafarroako Bertsolari Txapelketa egingo dela. Jaialdiak, plazako saioak eta abar pixkanaka “normaltzen” joan dira, baina hau izango da jokatuko den lehenengo txapelketa garai hauen ondoren.

Badator

Arg: EITB

 

Bertso munduaren data seinalatuak izaten dira txapelketak, bai herrialdeetakoak eta baita Nagusia ere. Urteroko sorpresak, lehia, bertsolarien urduritasuna eta bere onena eman nahia, epaileen zorroztasuna, gai jartzaileen lana oholtzara gai berriak eramateko, entzulearen jakin/entzunmina, askotan sold out-ak… Osagai guztiak izaten ditu txapelketan den bezain erakargarri izateko.

Eta hemen da berriro ere. Gai jartzaileak honezkero hasi izan dira egunkariak irakurri eta gai interesgarriak gordetzen, epaileak hasi izan dira arkatzaren puntu zorrozten eta matematikak birgogoratzen, eta bertsolariok ere hasi gara berriro fokopera itzuliko garela irudikatzen.

Baina bertsolari bezala, niretzako ez da hori bakarrik txapelketa; ez dira soilik puntu, epaile eta gai jartzaileak. Norbere burua estutzeko, ideia berrien inguruan pentsarazteko, bertso eskolan ohi baino gogo gehiago jartzeko, beste betebeharretatik pixka bat aldendu eta oinak buruan izateko aitzakia bat ere bada azken finean. Saio bakarrean jokatzen den, baina askozaz lehenagotik hasten den zerbait da txapelketa, tripak nahastarazten dizkigun emozioen zurrunbiloa.

Eta aldaketa edo sorpresa handirik ezean, aurtengoa ere burutuko da, irailean hasi eta azaroan amaituko. Etorriko da etorri beharrekoa, baina bertsoaren ekosistema txiki honetan gabiltzan guztiok, ziur naiz pozik eta gogotsu hartuko dugula. bertsolaritza biziarazten duen aldagaia dela uste dut txapelketa, eta hilda edo erdi-hilda egon den bertsolaritzak horixe behar du une honetan: bizirik egotea. Plazak, saioak, aurpegi berriak, doinu zaharrak, diskurtso zaharberrituak…

Sortzaileentzat eta artistentzat urtaro aproposa omen da udazkena,bada,  ikusiko dugu zer den urri eta azaroak dakarkigutena, baina ziur ederra dela.

Badator