Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2020-04-23

Baina eztarriz sano gabiltza

Baina eztarriz sano gabiltza –

“Ikusi gaitzazuen desagertuko gara

entzun gaitzazuen isilduko gara”

 

Baina eztarriz sano gabiltzaHala dio greba digitalaren leloak. Eta ziurrenik horregatik iritsiko da egun pare bat beranduago testu hau zure pantailara (ez horregatik, berandu). Itxialdi honek ohiko kultur ekitaldi guztiak bertan behera uztea edo atzeratzea ekarri du, sare bidez inoizko kontsumo handienetakoa aktibatu duen aldi berean. Konfinamenduari esker edo, jende asko hasi da kulturak bere bizitzan duen garrantziaz jabetzen (ez horregatik baloratzen, antza).

Eta sorpresa, emanaldiak etetean sortzaile eta kulturgile asko, kulturgintzaren inguruan lan egiten duen jendea eta egunotan gaindosiraino irentsi ditugun ekoizpen horien arduraduna sostengu ekonomikorik gabe geratu da; tartean bertsolariak. Harritu egin nau jendearen harridurak. Nola arazoaren larritasuna aipatzean jendeak “beste nonbaitetik” izango dutela zioen. Nola benetan jende ez den kontziente gaixotzen direnetan, haurrak izaten dituztenetan edo jarduna beste edozer dela eten behar dutenean soldatarik gabe geratzen direla. Aipatu gabe, bertsolari asko eta askok ezer irabazi ez arren hilero ordaintzen jarraitu duten autonomo kuota.

Kosta egiten zait sinestea, zein sinesgaitz egiten zaien. Eta baldintzak horrela, hortik bizitzen ahalegintzea erokeria dela pentsatuko du askok; ezagutzen dugun bizi-ereduan, batik bat. Bizi-eredu hori zalantzan jartzeko parada hartu dugun honetan ere, entzuten da: “izan dezatela beste lan bat, eta egin dezatela kultura euren denbora librean, ezta?”.

Ez dakit zuek, baina nik herri honi opa dizkiot artetik bizi diren artistak, kulturatik bizi diren kulturgileak eta sormenetik bizi diren sortzaileak. Denok nahi dugu euren lanetan maila gorena eman dezaten, eta bertsolarien kasuan bereziki, denok nahi dugu gure herrian festa den lan egun horretan hautatu ditugun bertsolariak libre egon daitezen. “Jai har dezakete lanetik”, noski. Baina nik kulturgintzari, sormenari beste buelta emango dizkion pertsonak amesten ditut; hausnar dezaketenak, baldintza erosoagoetan jardun daitezkeenak euren lana mimoz eta patxadaz egiteko. Ekarri burura gehien gustatzen zaizkizun bertsolariak, artistak; ziur gehienak buru-belarri daudela sorkuntzari emanak. Baldintza duinak opa dizkiet, ausart horiei.

Bitartean online (eta doain) saioak, bertso eskolak eta artxiboko altxorrak kontsumituko ditugu; bitartean, aurrezkietatik edo bestelako lanetatik tira beharko du jendeak. Bitartean, kulturgintzatik bizi direnek eta horrek kezkatzen dituzten kulturgile zein kulturzale guztiek bi eguneko etena egin dute sareetan. Hausnarketa zabaltzeko. Bertsolari askok jaten dutelako bestelako lanetatik, baina artista gehienak bezala, ez dakit hortik bizi diren: lanetik iraun eta kulturatik bizi, askotan. Kontsumitzaileak ere egunotan sentitu du antzeko zerbait. Nondik bizi garen eta zerk bizi gaituen.

Beste hainbat kontutan bezala, kulturgintzan ere hausnarketa ekarri du larrialdi egoera (literalak). Bertsolariak eskuak patrikan dituela kantatzen badu, ez dadila zuloei eusteko izan (zuloaren zentzu zabalenean).

 

“…baina eztarriz sano gabiltza, ta kanta nahi degu gogoz

Baina eztarriz sano gabiltza