Baloiei trentzak egiteko –

Zenbait eskoletan murrizten hasi omen dira futbolean jolasteko aukera, egun zehatzetan ezin da baloia hartu. Izan ere, jolastordua erabat monopolizatzen dute mutilek. Hauen jolasean sartzen ez diren edo sartu ezin direnak ertzetan geratzen dira. Pilotak esku-artetik ebatsiz, bestelako aisialdia lantzeko derrigortasuna dago orain. Bankuetan jesarrita hitz egiten dutenek plaza zeharka dezakete baloi batez joak izatearen beldurrik gabe.
Neurria eraginkorra iruditzen zaidan edo ez albo batera utziz, analogia bitxiak ematen dituela iruditu zait. Ikastetxeak jendarte maketak dira, beste zenbait bezala, eta hortaz aldaketarako tresna. Beraz, beste jendarte maketatxo batzuetan ezarri genitzake antzekoak. Imajinatu hilabetean behin debekatuko bagenu zirtoz egitea bertsotan. Imajinatu hilabetean behin epai irizpideak goitik behera aldatuko bagenitu. Imajinatu hilabetean behin bestelako bideak aurkitu beharko bagenitu, halabeharrez.
Aspaldi baitakigu, kontua ez dela batzuk futbolean jolasten ez dakigula, ez dagokigula baizik. Hau da, kontua ez da graziarik egiten ez dugula edo beti sakonetik jotzen dugula, ez dagokigula baizik. Ez dezagun naturalizatu berriro ere arrosa eta urdina. Gainditu genuen garai hori. Ikasi genuen inposatu zizkiguten Nancy-ak orraztu artean konspiratzen. Are, ikasi genuen, trentzak egiten jarriko bagenitu mutilak, askok ez luketela nondik hasi ere asmatuko.
Jarri izan dira eta gara lubakian, kantxan, haragi eta hezur. Gure kontzeptuaren antonimo diren diziplinak maneiatu ditugu. Gorpuztu dugu horren prezioa. Heziketa fi sikoan talde mistoetan jartzen gintuztenean bezala, berdintasunean jolas genezan futbolera, baina… Funtzionatzen al zuen? Ez ote ginen gero, jolastorduetan, berdin berdin eserita geratzen? Jolastokia gurea izan balitz betidanik, oholtza gurea izan balitz betidanik, nork daki zertara jolastuko genukeen.
Señora Sariketaren aurkezpen kartela atera berri da eta kirol zapatarik ederrenak prestatzen hasia nago jada. Bestelako arau batzuen baitan abesteak inertziak neurtu eta berrasmatzeko aukera ematen digu. Ertzetan jesarrita geratzen direnoi pasatuko digute pilota orain. Ezinezkoa da kantxak eraistea, baina ez gara eskuak gurutzatuta geratuko. Futbolak ez dio norma izateari utziko, baina guk merezi ditugu arnas guneak baloiei trentzak egiteko.