Iñaki Gurrutxaga Zubimendi
Iñaki Gurrutxaga

2026-07-29

Bertso berriak, alaba sorginenari jarriak

Bertso berriak alaba sorginenari jarriak –

Bertso berriak alaba sorginenari jarriak
Arg: Ejov Igor

 

 

Gorantz egin ahala

urtearen mailak

hogeita bederatzi

baditu uztailak

zeinek jaso badauka

gaurko bertso-sailak

hauek Haizearentzat,

erraz edo zailak,

ea pixkat gorritzen

zaizkion masailak.

 

 

Nik ez diot zabaltzen

barrua edozeini

lotsaren partiketan

lehen filan nintzen ni

baina idatzi nion

behinola Maleni

ta zu haserretzerik

ez denez komeni

bihotzetik sorta hau

nahi dizut eskeini.

 

Bizi ta egoskorra

bezain atsegina

hamabi urteotan

bidea egina

etxean sartu zinen

bigarren sorgina

ederra litzateke

nahi dugun adina

biok erratz berean

joango bagina.

 

 

Baina hamabigarren

urtera sartzean

ume-garaia uzten

zabiltza atzean

fruituak heltzen doaz

gure baratzean

gauzak egin baditut

tajuzko antzean

lasai egizu hegan

zeure erratzean.

 

 

Gaur nerabe-haizetan

ikusten zaitut zu

garesti jarri dira

laztan eta musu

beste norbaitentzako

gorde al dituzu?

Zuk ere hazi eta

askatu gaituzu

baina aita ondoan

edukiko duzu.

 

 

Bi mila ta hamalauan

bizitzaren buelta

geroztik hor gabiltza

ahari-topeka

elkarri sarri belzten

diogu kopeta

baina bihotza ez zaizu

barruan sartzen ta

nirea ere harro

ari da kolpeka.

 

Ez zintudan eduki

nire gorputzean

baina zilbor-heste bat

badugu, motzean,

ezin dena ikusi

begiratu-hutsean.

Haizea, segi hegan

sorginen haizean

guri gerra ematen

denbora luzean.

Bertso berriak alaba sorginenari jarriak