Onintza Enbeita
Onintza Enbeita

2024-05-30

Binaka

Binaka –

Binaka

Gure buruetan bikoteka ditugun izenek erakusten digute askotan egin izan dela bertsotan binaka. Librean. Eta esango nuke, bertsotan gehien gozatzen dudan egoera dela binakakoa. Elementu asko lerratu behar izaten dira ondo atera dadin, baina lehertzen denean ez du parekorik. Bertsolari bi hutsaren aurrean gaiak bilatzen ikusteak, elkarri lagunduz, zerbait eraiki nahian egoeraren xehetasunik txikiena ere nabarmenduz, asko du espektakulutik. Betiere espektakulua bertsolaritzaren senean ulertuta: argi eta bolanderarik gabe. Bertsolariek elkarren artean duten kimikak asko eragiten du libreko saioetan, eta sarritan, kimika ez du elkarren lagunak izateak bakarrik bermatzen. Bertsotako estiloa, gauzak ekartzeko modua, zein gaietan dabilen bakoitza eroso… bertsolari asko iruditzen zaizkit oso jatorrak, baina haietako guztiekin ez naiz binaka ondo ezkontzen. Eta oso gutxi daude, “ze ondo!” batekin agendan apuntatzen ditudan izenak binaka izango direla dakidan saioetan. Beti izango zen horrela. Bikote batzuk berez sortu dira. Deituko zieten handik edo hemendik, edo usainduko zuen norbaitek antzerako bertsokera dutela, eta hala kontsakratu dira. Beste batzuek, ordea, garaiak eta geografiak elkartu zituen: Lopategi eta Azpillaga, Mattin eta Xalbador… bizitzan bezain zaila da bertsolaritzan luzera errentagarri izango zaizun bikotea bilatzea. Jakina, bizitzan epe luzea oso luzea da eta bertsolaritzan ordu bi.

Gustatzen zaizkigun bikoteak zerrendatzen ibili izan gara lagun bertsozaleon artean askotan: halako halakorekin ekarri behar genuke afaritara, ez dakit nork eta badakit nork kristoren saioa egin zuten halako bertso poteoan… ariketa ederra da, baina Bertsolamintzan Jexux Mari Irazuri entzun nion datu batek arreta eman zidan. Oraindik ere, binaka eta erabat libre egiten diren saioetan, oso gutxitan kantatzen dute emakume bik. Izan daitezke gizon bi edo gizona eta emakumea, baina emakume bik osatutako bikoteek kartelen % 11 baino ez omen dute betetzen. % 11. Ez dakit izango den inork ez gaituelako elkarrekin kantuan imajinatzen edo gizonekin bikote hobeak osatzen ditugula pentsatzen dutelako edo ohituragatik. Kontua da banaka bezainbeste kostatzen zaigula binaka enkajatzea.

Binaka