Denen mugak

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2020-06-11

Denen mugak –

Pasa den larunbatean, Izpegiko lepoaren kaskoan kantatu dugu mugaren bi aldetako bertsolari batzuk, deskonfinamendu garaian, mugaren irekiera aldarrikatezeko. Izan ere, herritar batzuk sortu zuten ekimena, gure herriari etengabe inposatzen dioten zatiketa salatzeko. Bertan, ez genuen guardia zibilik edo indar militarrik topatu, baina seila hori bat eta panel bat nahikoa izan ziren errealitate gordina berriro gureganatzeko: Euskal Herria muga arrotz batek bitan bereizten du, eta muga hori ez da gurea.

Bertsokideekin, zertaz kantatu pentsatzen ibili ginen. Nahiz eta egia erran nazio auziaz gauza asko eta iritzi ezberdinak plazaratu daitezken, uste dut mugaren gaiak nahiko aburu heterogeneoak sortzen dituela, eta agian, gure bertsoaldiak errepikakorrak izan zirela publikoarentzako. Behintzat, ideia argi utzi genuela uste dut eta ez dut dudarik herri bakar bateko biztanleen ahotsa izan zuela entzungai Izpegiko entzulegoak.

Handik etxerako bidean, mugaren gaia oraindik itzulika naraman buruan. Azken urteotan, bertso munduan asko aipatu dira mugak, baina zentzu indibidualean, hots subjektu gisa sentitu ditzakegun mugak. Dudarik ez da, pertsonaren paperetik kantatzeak pertsonaren arazoak konpontzeko aberasgarria izan daiteke, norberarentzako zein identifikatua sentitu daitekenarentzako. Dena den, Izpegin argi ikusi da muga handiagoak ditugula oraindik borrokatzeko eta desegiteko. Eta azkenean, pentsatzen ari naiz muga indibidual eta kolektiboak biak jatorri bakar batean sustraitzen direla, biek nunbait dutela abiapuntua. Izpegiko muga inposatu diguten berdinek inposatzen dizkigute gure beldurrak, debaluazioak eta gutxiesteak.

Bertsolariok ohituak gara muga batzuen barruan jarduten. Izan 7/6kotan zein gaien mugen barne. “Gure baitan daude (muga) gehienak” kantatu ohi dugu mahai baten inguruan kantu-kantari. Aspalditik konturatu gara pertsona gisa hesi batzuk zeudela gure baitan eta gu eta jendeen artean, mugak inposatzen dizkigutela egunero izateko eta haiek nahi dutenera mugatzen gaituztela. Baina mugen deslotzea honen jatorria suntsitzea den heinean, egiteko gauza bakarra geratzen zaigu: mundu honen iraultzea eta inposatutako neurri zein ereduen haustea, bertso txikienetik hasiz, hesitzen gaituzten kateak arte.

Denen mugak

Arg: BOB EDME (BERRIA)

Denen mugak