Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2016-10-19

(disimulatzen) JAKITEAZ

disimulatzen

Zenbat aldiz entzun ote dugun bertso saio baten atarian edo honen ostean: uf, izugarri zaila iruditzen zait zuek bezala gai guztien inguruan jakitea. Eta poker aurpegi batekin erantzuten dugu, ez dezaten sumatu guk ere jakin gabe abesten dugula gai askori buruz. Onartzen dut, neroni ere harrituta geratu naizela urtetan hainbat bertsolariren kultura orokorrarekin, nazioarteko gaien kontrolarekin eta maiz ematen dituzten datu zehatzekin.

Orain, ordea, ilargiaren beste aurpegia ikusten ari naiz; disimuluarena, alegia. Edo momentuan jabetzearena, edo ezjakintasuna parodiatzearena. Azken batean, denok dauzkagu interesatzen zaizkigun gaiak eta bost axola zaizkigunak; baina bertsotara goazenean jendearen interesekin konektatzen ahalegintzen gara. Zer gutxiago! Euren errealitatearen argazki azkar (eta seguruenik desenfokatu) bat egiten dugu, gero ia karikatura moduan aurkeztuko duguna 10/8an.

Pentsa, uda honetan hainbat herritako gertaera xelebreak entzun ditut, auzo txikietako ohiturak ezagutu eta Santuen egunak ikasi ere bai, festen aitzakian (gure amonak sekula lortu ez zuena). Abestu diot ehizari, futbolari, elizari eta onartzen dut, hainbat bilaketa egin ditudala gai batzuek biluzik aurki ez nazaten. Bertso afari batean herriko konplize bat belarri ondoan nola, google edo egunkariak ezohiko orrietan ireki ditut.

Sekula ez bezala kezkatu naiz uda inguruan tourreko etapen berri izateaz, olinpiadetako euskal kirolariak ezagutzeaz, estropadetako koloreak bereizteaz (nire daltonismoan). Berez interes berezirik pizten ez didaten kontuak, baina jendearen pizgarri direnak; plazetan gai direnak. Bertso-plazak markatzen du halako agenda bat eta bertan aritu nahi baduzu gai izan behar duzu gaiak gainditzeko. Edo zeresana behintzat eduki beharko zenuke. Zeresana ez baita beti jakitea liga nola doan edo partida nola amaitu den, ez bada ultren artean zer dagoen, zelaian zer oihukatu den, zer isildu den partida horretaz hitz egiteko.

Norbere ideien araberako ikuspegia erantsi dakieke gaiei, edo hori da nik bertsolariengandik gehien estimatzen dudan ariketa. Bolo-bolo dabilen zerbaiti ertza bilatzea, beste ikuspuntu bat eskaintzea. Eta horren harira, ahalegin berezia egingo du bakoitzak informazio bilaketan. Nik, esaterako, lotsaz onartzen dut Athletikeko nesken izenak bilatu behar izan ditudala euren garaipena ezagutu ostean.  

Gai diren gertaeren inguruan guk ahotsa eskaini nahi diogun horri toki bat egitea da gakoa. Nire buruari barka dakioket Errealeko lehen taldeko futbolari baten izena ez jakitea, baina haserre joango nintzateke etxera Ainhoa Murua nor den jakin ez banu. Interesatuen fokutik haratago, itzalean uzten den horri begira harrapatzen nau esaterako, kirol munduak. Gehiago kezkatzen nauten gaiak badirelako, jendeari esateko dauzkadanak. Bien bitartean, beti geratuko zaigu jakiteko ahalegina, edo onar dezagun…  disimulua.

Eta orain, lagun bati Errealeko bufanda ostu eta Bilbora noa, derbian abestera. Ea gai naizen!

disimulatzen

disimulatzen