Dudan

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2021-05-24
Dudan –

Ez dakit sekula duda gabeko iritzirik izan dudan, edo dudarik gabe adierazteko gaitasunik izan dudan. Dudan uste bakoitza dudan jartzea izan da agian, bertsolaritzak eragin didan onura handietako bat; ikuspegi desberdinetatik begiratzera behartu gaituelako, rol bakoitzaren neurrira. Oso gaztetatik barneratu genuen bertso eskolan, arrazoia desberdin banatzen zela, noren azalean jarri.

 

 

Ordea, garai berean ikasi genituen buruz zutik geratzen ziren hainbat bertso bukaera, arrazoi absolutuen kutsua zutenak. Eta noski, ikasi ere ikasi genuen imitatzen. Arrazoi potologintza deituko luke Labakak, atzetik “eta kito” esatea soilik falta baitzuten askotan. Hari beretik ikasi genuen paparra hazita eta kokotsa goian jarrita, ahalik ahots grabeenez kantatzen. Doinuak ere, horrexen baitan hautatzen genituen: izan zitezela maiorrekoak, eta ahal zela amaiera epiko errepikadunarekin (errepikapenak esan zezala “hau horrela da”).

Oker egotean arrazoi dugun adinean hasi ginen bestelakoak entzuten miresten genituen bertsolarien ahotan: eta bat-batean, buruz genekizkien galdera ikur batez amaitzen ziren bertsoak, epikotasun kutsurik gabeko doinu minorrak …

Gure ahotsa bilatzeko aukera izan dugunean, bigarren joera horren garaia izan arren, duda absolututasunez kantatzen dugula ohartu gara. Desikasi beharrekoen zerrendan ere eraiki ditugula sententziak, alegia. Sortu ditugula zalantzatik jaiotako totem berriak, totemen aurka. Eta bat-batean, buruz ikasitako panfleto bilakatu zaizkigu hausnarketarako bide zirenak (inguru askotan premiazko direnak, noski). Baina kasu errealek gurutzatu izan gaituztenetan, ohartu gara ustezko dudak erraldoiak direla, eta ezin ditugula ikasitako hitzekin adierazi.

Ez dakit garai likido izendatu dutenagatik den, bertsolaritza multipolartzat jo zutenagatik, edo entzuleria ezpaldua deritzonagatik. Agian gazte kategoriak abandonatzen ari nauelako da. Baina batzuetan erantzunei galdetzea soilik geratzen zait.

Eta ez daukagu, egiaz eta biluztasunez duda hori jendaurrean landu beste aukerarik. Duda garatu, eta zalantza zilegitu mikrofonoan. Duda dut bide interesgarriagoa aurkitzen ez ote dudan, dudan.