Egon

Iker Gorosterrazu

Iker Gorosterrazu

2020-03-25

Egon –

EgonAzken egunotan gertatzen ari dena ezin sinistuz nabil oraindik.Informazioa alde guztietatik eta mota guztietakoa ailegatzen ari den garai honetan tarte batean konexiorik gabe egotea ez dago gaizki (eta bai, lortu daiteke aitzinean dituzun pantaila guztiak itzaliz gero). Zenbat notizia, artikulu, meme, irudi, bideo, proposamen… ailegatu zaizkidan telefonora. Denak irakurri edo ikustekoa ezinezkoa denez bertsotan egiten dudan (edo egin nahiko nukeen) bezala galbahea pasa eta interesatzen zaizkidan gauzak soilik hartu nahi izaten ditut kontuan.

Irudimena lantzeko ariketa ederra izan daiteke konfinamenduarena. Behingoz eta inongo aitzakiarik gabe EGOTEKO aukera ederra baita hau. Egon, gure buruaren osasunerako geldialdi bat ederra izanen da eta. Hala ere, dirudienez horretarako tarterik ere ez digute utzi nahi eta etxe bat zein etxean gelditzeko aukera dugunontzat (pribilegiatuak izaten segitzen dugunok) hainbat bideo tutorial prestatu dizkigute jarduera fisiko zein mentalak egin ditzagun. Aspertzea hain txarra al da ba? Ez al dugu denbora falta aitzakiatzat hartzen nahi dugun hori ez egiteko?

Hala ere, horra nire aitortza: ni ere informazio uholde honetatik ezin ihes egin nabil. Horregatik, egunotan jaso dudan irudi bat soilik aipatu nahi nuke: musika irakasle batek bidalitakoa da eta irudian jendea balkoietatik abesten agertzen da; testuan, aldiz, musika horrelako egoeretako terapia ederra bada zergatik gutxietsi ohi dugu eskoletan? Sormen artistikoa nola baloratu ohi dugu gure gizartean? Baloratu ohi dugu?

Egon