Elkar jotzen duten marretan, eta topo egiten duten zirkuluetan

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2022-06-08

Elkar jotzen duten marretan, eta topo egiten duten zirkuluetan –

Elkar jotzen duten marretan, eta topo egiten duten zirkuluetan

Batzuetan argi izaten dugu zeren antojoa dugun, “gaur afaltzeko sushia”. Beste batzuetan, ostera, hamaika aldiz galdetuta ere ez dugu asmatzen benetan zer nahi dugun, sarri gazia edo gozoaren gogoa dugun jakitea be zaila izaten da. Bada, hori meriendarekin gertatzen bazaigu, gai transzendentalekin zer?

Asteburu honetan, II. Señora Sariketako finalean entzundako gaiek eman dute zer pentsa, euren artean kartzelako gai batek. Horrela zioen gaiak gutxi gora behera: Inoiz ez zizun holakorik galdetu, baina, gaur eztabaidaren erdian bota dizu “eta zuk zer nahi duzu benetan?”.

Meriendarako zer nahi dudan jakin ez arren, jarraian pentsatu nuen zer esango nukeen bertsotan, eztabaidaren elementua sartuko nukeela, etxeko egoera baten kokatu, lehenengoz galdetzen didala aipatu, eta ahal dela errimatu. Eta gero ohiko pentsamenduak oholtzan zein publikoan jarrita etorri daitezkeenak: “Uf, ze doinutan? Igual sei puntu larregi? Bueno hamarreko handi bat? Doinu hau serioegia, baina alaia ere ez nuke aukeratuko”. Ez dakit askorik ardura duen non kokatu bertsoaldi baterako gai bat, bizitza errealean neure buruari benetan zer nahi dudan behar beste galdetzen ez diodanean. Eta ez, ez naiz meriendaz ari.

Zenbatetan jartzen dugu geure burua estutasunean (beharrizanik gabe), tokatzen dena egitearren, zenbatetan eramaten gaitu inertziak benetan nahi ez dugun leku eta egitekoetara, bada, egia esan, ez dakit. Baina, badakit ez nabilela ur handitan sartzeko asmotan, ur txikitan ere ez, baizik eta gure egunerokotasunean, gure bizi estiloan, gu geu garen horretan ,eta gure betiko ekintzetan pentsatzen nabil. Eta ez, ez da erreza zer nahi dudan erantzutea. Nondik hasi? Non banatu zer asmo dudan bertsotan eta zer bizitzan, biek elkar jotzen duten marretan? Arlo pertsonal eta profesionalak topo egiten duten zirkuluetan?

Ematen du etxerako lanak ditudala egiteko, neure buruari galdetu eta entzutea tokatzen zait, eta zuri? Zuk, zer nahi duzu benetan?

Elkar jotzen duten marretan, eta topo egiten duten zirkuluetan