Erasmus mundus –

Badoa aurrera abuztua eta nik mamu txiki bat nabaritzen dut kaskezurrean ate-joka. Aurrerako atzera-kontaketa bat bihurtu dira egunak: abuztuak 21, abuztuak 22, abuztuak 23… eta laster, pum, irailak 1. Apurtuko du atea mamuak eta hartuko du bere tokia uda zaporeko oroitzapenen artean, suspertuko ditu herriko festak biziraun dituzten neurona funtzionalak eta klak-klak, klik–klik, klonk, klunk, taka-taka, pum-pum eta bruuum artean abiaraziko du mekanismoa. Helduak lanera, haurrak eskolara eta ni brutalismo sobietarra asmatu zen lekura, Leioako kanpusera.
Hala ere, aurtengo itzulera ez da aurrekoen modukoa izango. Arrazoia? Bat bakarra, Erasmus Mundus famatua. Lagun bat doakit Norvegiara, beste bat Danimarkara, beste bat Boloniara, beste bat Suitzara, beste bat Idahora, beste bat Buenos Airesera, beste bat Mexikora, beste bat Txilera, beste bat Japoniara, beste bat Birminghamera eta beste sei edo Txekiara. Ikasturte batetik bestera bakar-bakarrik gelditu gara Euskal Herrian ni eta beste lau katu.
Kontua da kanpora doazen lagun horiei guztiei agur txukun bat egin behar eta despedidatik despedidara igaro dudala abuztu osoa. Hori ez litzateke arazo bat izango bertsotan ibiliko ez banintz, baina hamar urterekin bertso-eskolan izena eman nuenez, bazkariro entzun behar izan dut “Maddi, botako duzu bertso bat, ezta?” postrerako eskatu dudan txokolatezko browniea jan bitartean.
Ez dadila gaizki ulertu, niri bertsoak egitea gustatzen zait, eta lagunekin bada are gehiago, baina hiletak, ezkontzak eta despedidak marroi bat dira; hasierako agurrak ere bai, hori beste blog baterako utziko dut ordea. Norvegiara doanaren bertsoan klixerik edo esaldi pinpirinik ez sartzea lortu badut ere, zer esan orain Boloniara doanari? Eta Suitzakoari? Txekiako guztiak bertso bakarrean sartzen baditut ondo, ala ez? Originaltasunak ere baditu bere mugak, eta aurten lagun gehiegi doaz munduaren beste puntara.
Eta badakit, behin baino gehiagotan esan didatelako, bertsoak ez duela hainbeste axola, keinua dela garrantzitsuena. Gehiengoaren kasuan hala da, aulkitik altxatu eta haiei begira abestea eskertzen dute bereziki. Dena den, Txekiara doan batek bere bertsoaren amaiera “faltan botako zaitugu” izango zela lehenengo puntutik igarri zitekeela esan zidanean, nik ere munduaren beste puntara joateko gogoa izan nuen.