Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2023-10-16

Errebelazioak

Errebelazioak –

Gertatu zaizue sekula zerbait jakitearen kontzientziarik ez izatea? Alegia, zuen ustez ez dakizue erantzuna, baina bat-batean nonbait sortzen zaizue eta zuzena da, hor egon da beti zure baitan gordean. Bulkada bat da, barrenetik sortzen da eta ahoskatzen dugunean entzuten dugu lehenengoz, aurrez pentsatzera kontzienteki heldu gabe ginena.

Nik 17 urte nituen. Batxilergoko bigarren mailan ginen, historia klasean. 36ko gerraz ari zen irakaslea eta zenbait pasarte gordin  aipatu ostean, gugandik zenbateraino gertu egon zitezkeen sentiarazi nahian eskualdean kokatu zizkigun gertakari batzuk. Ni urrundik sentitzen nintzen entzule, baina bat-batean galdetu zuen ea gutako inoren familian izan zen halako kasurik, eta nire buruak ezetz pentsatu arren, besoa jasoa nuen oharkabe. “Iguaran?”. “Bai, gure amonaren aita hil zuten”. “Non badakizu?”. “Santanderren”.

Ez nekien zergatik esan nuen hori, gaizki sentitu nintzen gezur hori horrela botatzeagatik. Etxera joan eta bulkada hura argitu nahian amari galdetu nion lehen aldiz ea amonaren (bere amaren) aita nola hil zen. Zuzenago galdetu behar izan nion, eta orduan entzun nuen lehen aldiz nolabait banekiena: Santanderren hil zuten. Urtetan zehar entzundako zeharkako azalpenek eta azalpen faltek laino bat osatu zuten nire sabelean edo gogoan (auskalo zalantzak non egosten zaizkigun), eta irakaslearen galdera batek eman zien forma zehatza. Nekienik ez nekien egia.

Horrela sentitu izan naiz oholtzan inoiz, gai batzuen aurrean egoerari barrura sartzen uztean, edo pertsonaiara sartu nahian, ezagutzen ez nituen nire egiak topatu ditut ahoz gora kantatuak. Lehen aldiz nire buruari entzun eta harritu egin izan naiz hori sentitzen edo pentsatzen nuela lehenago ohartu ezagatik. Ez zait askotan gertatu, noski. Baina tarteka, sentitzen dut inkontzientea esnatzen didan izpi bat alde kontzientea gainditzen.

Ez naiz mistiko jarriko, eztabaidetan ere gertatzen da, gure onetik irtenda ari garenean eta su-mendia ahotik lehertzen zaigunean, batzuetan lehen aldiz entzuten ditugu agian aspaldi sentitu arren ulertzera heldu ez ginen egia mingarriak. Eta argi asko irteten dira, parekoari eta gure buruari aldi berean aitortuz, errebelatuz.

Inor argazki karrete analogikoez oroitzen bada, negatiboan dauzkagun emozio, sentipen eta informazio horiez ari naiz. Oholtza bilakatu izan zait laborategi, gela ilun: erre gabe argitara daitezen ilunean babestutakoak, substantzia kimiko doia, eta argi gorrian bistaratzen zaizkit hitzak.

 

Errebelazioak
Arg: Ron Lach

 

Errebelazioak