Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2020-03-23

Etxealdetik

Etxealdetik –

ITXIALDIA. Distantziatik begiratzen genien Txinari, Italiari, larrialdi egoerako neurriei; amaren besoetatik buruhandiei begiratzen zaien konfiantza gaindosi berarekin. Bertsopaper lehiaketa egin genuen gaztetxo mordoxka batekin Tolosan, eta irteterako sakelan geneukan albistea: eskola guztiak itxiko dira gutxienez 15 egunerako (oraindik egoerak dakarrena ulertu ez duenaren poz xaloa umeen aurpegietan). Oraindik egoerak dakarrena ulertu ez duenaren komunikatua gurea: “momentuz bertso eskolak etengo dira, ikusiko dugu martxoaren amaierako asteburu pasarekin nola jokatu”. JA.

ETXEALDIA. Etxeratutakoan egoeraren dimentsioa agertzen hasi zen, irizpide zehatzik ezean ere zentzuzko erabakiek aurrea hartzean: nik dakidala lehenengoz, EHBEko urteko batzarra atzeratzean, Hezkuntza arautuko irakasleak bulego lanak etxetik aurreratzen, agenda husten ikustean. Halabeharrak ez zigun haserretzen edo ia erreakzionatzen ere utzi. Malgutasun izugarriz onartu genituen zetozen erabakiak, kolektiboki egin beharreko zaintza berri honen aurrean. Agenda hutsak sentipen kontrajarriak sortu zizkigun: asteburua pijaman eta noiz irakurriko pilatutako liburuekin pozik hasieran; huts, gero. Zulo txiki bat duen puxika da Egoa, aire apur bat galtzean tentsioa baretzen da eta azala erlaxatzen, husten doan heinean zimurrak agertu eta erabat deformatzen den arte.

OTSOALDIA. Bertsolaria izaki soziala baita, taldearen beharra sumatzen hasi ginen eta lehen egunak pasatzerako hasi ginen sortak entzuten, online bertso eskolak praktikatzeko aplikazioak bilatzen, samaldako online bertso saioak antolatzen, teknologiaren puntaren puntako baliabideak probatzen; eta azken batean, teknologia guztien aurreko eredu analogikora itzultzen: balkoitik balkoira elkarri uluka.

Etxealdetik
Marrazkia: Paula Heras

ETSIALDIA. Denok egoera berriari neurria bilatu nahian, egoeraren neurriko erantzunak prestatzen, eta hor datoz lehen erreakzioak: Udaletatik, ea bertso eskola zerbitzuak nola eskainiko ditugun itxialdiak iraun artean (edo beste batzuek zuzenean kontratua etena geratzen dela jakinaraziz); plazetatik, saio batzuk atzeratu daitezkeela, beste asko bertan behera geratuko direla; eta sortzaile askoren antzera bertsolari gehienak lanik eta beraz soldatarik gabe geratu diren garaian, hedabideen mezuak, gure “asperdurari” aurre egiteko bideoak proposatuz, sortak egin ditzagun eskatuz, euren online festa osatu dezagun eskatuz (dohain, esan gabe doa; umorearen alde).

EUTSIALDIA. Eta hala ere, itxialdiaren, etxealdiaren, eta etsialdiaren gainetik, lanean eta bertsotan jarraitzen dugu, medio digitaletan, balkoietan, whatsapp taldetan, sortetan, hedabideetan. Otsoaldia taldean gainditzen delako. Eta guk, pribilejiozko taldea daukagu honi eta datorrenari aurre egiteko.

Etxealdetik