Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-03-03

Ez gara hain gazteak

Ez gara hain gazteak –

Ez dut ondo gogoratzen, bost, sei edo zortzi urte pasa diren lehenengotik. Dena delakoa dela ere, denbora ez da alperrik pasatzen. Hainbat edizio joan dira plazabakooi leku bat emateko ahaleginetan Erronda kalean, kaleari bizia eta gure biziari kale apur bat emateko asmoz hasia aurrera joan da. Ohiko lekuetan, ohiko ariketak, baina beti desberdin; aldaketa txikietan dago desberdintasuna antza. Mantentzen den horren aldaera iraunkorra ez ote da izango urteotako exitoaren arrazoia?

Koplaz eta jolasez jositako sariketa, martxoko iluntzeak goxotzeko zirkuitua, lotsagorrituta kantatutako agurrekin hasitako saioak (esan beharrik ez Miley Cyrusen azkena zein orain hamar urteko Pirritx eta Porrotxen kanta bat aziertoak direla). Baina bueno, iraun zein aldatutakoarentzako denbora ez da alperrik pasa, eta ostegun iluntzeetako ikasle ezagunak agurtzetik, gaua luzatu eta asteburua aurreratzeko planetik, saioa entzun eta etxerako bidea hartzera pasa gara batzuk, kantuan daudenak lehengooz ezagutzera (“Nor da hori?” “Bilbora ikasten etorri den bat” “Ondo egiten du bertsotan, eh!”) eta Bilbora etorri berri den ikasle hori baino zortzi urte nagusiago garela konturatzera, pasa gara. Baina, Adaxkatik Errondabidera, zein Biratik La Villara kalean gora eta behera gazte izango gara beti, ostegun, astearte zein astelehen, ondo hartuko gaitu Bertso Errondak beste zortzi urtean ere. Eta guk, pozarren igoko ditugu 7katuko eskilarak finalean kantatzeko zein entzuteko.

Aldatu zein mantendu, transformatu eta iraun, gazte ala ez hain gazte, atera beste erronda bat!

 

Ez gara hain gazteak

Ez gara hain gazteak