Ezer ez egitea –
Doinua: Ispilue
Behin oporretan, berdintsu dio
larunbat zein astearte,
egun libreek beren horretan
antsietatea dakarte.
Gaur ere ezin dibertitua
bilakatu zait aldarte,
zeregin bila hasi ta hontaz
gogoratu naizen arte.
Azkenerako bazkalosteko
kafe lasai bat helduko
ta nork ez dio momentu horri
bi eskuekin helduko?
Pozik ohi diot “gaur besaulkitik
ez nau inork altxatuko”, baina ahots bat lanean hasi
ohi da eseri orduko:
Aste hauetan idatzi behar
dituzu hiru zutabe,
oporretako egitaraua
egin behar duzu baitare,
joan mendira, jetsi kalera,
garbitu gela goi ta behe,
edo egun bat osorik joango
zaizu ezer egin gabe.
Errimak landu behar dituzu.
Bazka behar du loroak.
Belar-mozteko premian zeuden
ja baserriko soroak.
Ikusi ondo sudur gainean
irten zaizkizun poroak.
Ixildu! Ezer ez egiteko
esan dit psikologoak.
Gure barruan, soka batekin
birikei tira ta tira, “Exijentzia” izena duen
xomorrotxo bat bizi da.
Eta ikasi behar du egoten
pareta bati begira,
hesteetako trumoiak soilik
hola entzuten baitira.
Gure bizitza azeleratu
hauetan mina ari du,
denok pilotu automatiko
berdintsua darabilgu.
Abiadura honetan ondo ez gaudela badakigu,
baina barrura begiratzeak
beldurra ematen digu.
Aldizkariko etxekolana
egin gabe nuelako, arratsaldeak behintzat balio
izan dit honetarako.
Beraz, nahiz eta nik ez nuen nahi
ezer uzterik biharko,
igual trumoiak eta hesteak
halaxe utzi beharko.


