Libe Goenaga
Libe Goenaga

2026-09-15

Ezkondu egingo naiz

Ezkondu egingo naiz –

Doinua: Agur sagar beltzaran

“- Ezkondu egingo naiz
yupi yupi yai yai “

bota zuen Marenek
irrifartsu, alai
nik txanponak ikusten 
nituenak nonahi
faltsu erantzun nion
” – buala tia ze guay”
egia esateko
ez nintzen izan gai
 
 
 
Neretzat aliantza
ez denez zorion
ikur goren hau ez zen
inongo berri on
zaharren tradizioak
gaztedi berrion
nahi direnez nahiz jakin
ze txoroa den Ion
ezkontza despedida
antolatu nion
 
 
 
Logroñora joan giñen
dantza zezan konga
buruan ipinita
Ionen anakonda
barraz barra zebilen
mozkorra, katxonda
kontatu ezin den gaua
halere gau on da
senargaia stripper
batean egonda
 
 
 
Gero preparatibo
fasea hasi zen
Wedding plannertzat zitun
Alba ta Estizen
dietan jarri zuten
ez zegona gizen
” – argazkitan guapago
atera zaitezen,
ta gorputza luzitu
dezazun Tunezen”
 
 
 
Prebodan ezagutu
ginen familiak,
lagunak ta lardaxkan
noizbait ibiliak
sabinistak, postmoak
ta polimiliak
norberak bere gustu
ta bere filiak
ojala jo balitu
denak sifiliak
 
 
 
Azkenean aitaren 
eskuen jabea
aldatzeko heldu zen
momentu klabea
prest hiru soineko ta
zapata parea
ateoek zapaldu
zuten aldarea
angeluserako zain
zegon abadea
 
 
 
Galdetu zuenean
” – zer da maitasuna? “
ia altu esan nuen
nere erantzuna
” – kolpetik gastatzea
Kutxan daukazuna
errentan ipintzea
gibel, behazuna
ordaintzeko lagunen
zoriontasuna”
 
 
 
Halakoa izan zen
urriaren bosta
paisaian baserri bat
zelai eta kosta
koinatua haserre
mekagoendioska
lehengusua guztioi
egin nahian koska
gogotik zurrupatu
genuen langosta
 
 
 
Nahi nuke baina ezin
zaitut zoriondu
nahiz ta ustez bizitza
bideratu, ondu
zu andretuko zera
bestea gizondu
ezin dezuenean 
zuena konpondu
banandu ta arren ez
berriro ezkondu
 
 
 
Azkenengo bertsoa
postdata moduan
inoizko ezkontzarik 
ez det akorduan
maite bazaitut sartu
naiteke jokuan
beraz zerrendan hartu
nazazu kontuan
pozik joango naiz barra
librean orduan
 
 
 
Ezkondu egingo naiz