Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2022-03-17

Fikzio gorpuztuak

Fikzio gorpuztuak –

Zenbat errealitate lantzen dugun bertsotan fikziotik abiatuta, edo fikzioaren bidez. Zenbat rol betetzen dugun hitzez, zenbaten papera antzezten dugun diskurtsotan; gure hautuz edo gai jartzaileak aginduta. Gure egunerokoan urrun ditugun esperientzia horiek benetan bizi dituztenen bizipenetan oinarritu ditzakegu, edo sormenean. Bizi ez duguna kantatuko ez bagenu, are mugatuago legokeelako bertsogintza.

 

Fikzio gorpuztuak
Errenteriako saioa. Arg: Mendi Urruzuno

 

Baina errealitateak badaki fikzioa gainditzen, eta fikzioak badaki errealitateari leku egiten ere. Ze gai batzuen aurrean, garrantzitsutzat eta taularatu beharrekotzat jotzen ditugun gai batzuen aurrean, ez zaigu fikzioa beste aukerarik geratzen. Intentzio onenez, beste batzuen errealitatea bistaratzeko asmoz, ia beti. Eta balekoa da, lehen pertsonan kontatu ezin diren errealitate horiekiko –besterik da, ze posiziotik kantatu behar genukeen: gaiarekiko dugun distantzia errealetik edo lehen pertsona simulatuz; eta batez ere, ze helbururekin azken hori–.

Gertatzen da, tarteka, fikzio gisa irudikatu izan dugun errealitate hori gorpuztu egiten zaigula, eta bere pozen eta minen berri begietara begira kontatzen digula. Oholtzan, gure ondoan. Eta bere hitzak entzun ahala, gure uste asko usteltzen sumatzen ditugu. Eta hitzek beste esanahi bat hartzen dute, eta esamolde batzuk esanahiz betetzen dira. Eta orduan, kantatu izan ditugun zenbait ideia antzu geratzen zaizkigu, eta berrien bila abiatu behar dugu.

Zorionekoak gu, saio batera goazen aldiro eremu berri batzuetara zabaltzen garelako, enpatiaren mugak lasatuta itzultzen garelako, besteen emozioei estu helduta. Zorionekoak gu, zenbait errealitate konpartitzen dituztelako gurekin; kanta ditzagun kontatzen dizkigutelako, ikas dezakegulako.

Eskuzabaltasun handia behar du  jendaurrean norbere kezka, beldur eta kuraia biluzik agertzeko. Ez, ez naiz bertsolariaz ari. Azken boladan bidelagun ditugun kide batzuez baizik. Oholtzak lausotu dizkidate, begiak bete zaizkidalako. Ahotsean sumatuko zenidan azkura akaso: inurriak dabilzkit diafragman.

Fikzio gorpuztuak