Garaiari bertsoak –
Bertso zaharrez hitz egiten dugunean, sorta mitikoak etortzen zaizkigu burura. Bat-bateko saioak iritsi zaizkigun arren, paperean utzitzako bertso eder asko utzi zituzten orain urte asko hil ziren bertsolariek. Sorta horietan bizi zuten mundua eta bizimodua azaltzen dira: hainbat gerra, egoera sozial, etxeko bizimodu, inguruko gertaera, eztabaida eta disputa… Bertso horietan usaindu dezakegu sentitzen zutena, gertuko egiten zaizkigu esandakoak eta entzun edo irakurri ahala buruarekin baietz egiten dugu sarritan, ezta?
Bakoitzak beretik idazten zuen, bakoitzak bere etxeko egoeratik eta bere txikitasunetik ematen zuen iritzia, normalean zapaldutako herritarraren ahotik jaso baititugu egoera horiek. Historia liburuetan kontatzen digutenari gertutasuna ematen diote bertsoek, beste begirada bat ematen diote.
Gaur egun informazioa mila bidetatik jasotzen dugu. Milaka titular, milaka argazki, milaka informazio faltsu, milaka espekulazio… eta nola kokatu hor? zer sinistu eta zer ez? Zer irakurri eta nola aletu irakurria? Egoera manipulatzeko eta itxuraldatzeko gaitasuna dute edo eman diegu hedabideei.
Eta hori hala izanik, zer geratuko da historia liburuetan gaur egungo garaiaz? Auskalo, a ze nolako beldurra! Egun bizi garenak sinisten baditugu saltzen dizkiguten gezurrak, pentsa hemendik 150 urtera garai hau bizi ez dutenak nola sinistuko dituzten…
Agian, berriro ere, lehengo moduetara jokatu beharko dugu, garaiari bertsoak jarri beharko dizkiogu eta egia apur hori utzi ondorengoei.