Oihana Bartra
Oihana Bartra

2018-02-14

Gatza eta piperra

Gatza eta piperra –

Benetan diotsuet. Maite dut bertsotara noan leku bakoitzean zuek zuen herriko euskalkian entzutea.

Asko disfrutatzen ditut batzuen bustidura, besteen esamolde eta haragokoen (niretzako) hitz berri. Ikasle nerabeak animatzen ditut berenean egin dezaten; gustura entzuten dut Iñigo Martinez ondarrutarrez berbetan; amamari esaten nion ezetz, ez dela nirea, “ikastolakoa”, euskara ona, norberea dela beti ederrena. Zinez gozatzen zaituztet, zuen joskera, azentu, ahoskera, intonazio eta guzti.

Baina entzun dut euskalkiak direla benetan gatza eta piperra ematen diotenak euskarari, edo euskalkia dela benetako euskara bizia (beste artefaktu horren aldean, badakizue).

Ba, sentitzen dut, baina zuen ustez ez gatz ez piperrik ez duen euskara hori izango da, izango bada, egoera irauliko duena. Egungo erabilera-kopuruetatik gorantz joatekotan ezinbesteko izango ditu euskarak besteak beste hiriguneetako euskaradun berriak. Euskarara erakarri behar ditugu, ezinbestean, familian euskara jaso ez dutenak, etorkinak, eskolak euskaldundu gabeak. Eta, gustatu ala ez, hiztun horiek izan beharko dute derrigor euskarari gatza, piperra eta, batez ere, bizia emango diotenak.

Gatza eta piperra

Gatza eta piperra