Haritz Mujika
Haritz Mujika

2024-04-17

Geurean onenak

Geurean onenak –

Geurean onenak
Arg: CDD20

Ez da erraza ezertan inongo onena izatea. Herriko toka txapelketa irabaztea ere zaila izaten da gehienetan. Hori bai, behin irabazten duena eskualdeko, Euskal Herriko eta munduko onenaren pare jartzeko joera tranposo hori izaten dugu askotan.

Euskal mendi korrikalari bati hala entzun nion behin: “Mendi lasterketak Etiopian edo Kenyan ezagun egiten diren garaian, akabo azal zurikoon pagotxa! Punta-puntan gabiltzanok ere auskalo non geratuko ginatekeen.” Gailurrera iristen nahiko lan izango lukete gehienek, puntara iristea, ezinezko.

Bi aitortza horietatik abiatu, eta punta eta gailurra bertsolaritzara ekarrita, askotan sumatu izan dut bertsozalea -tartean ni- Euskal Herriko bertsolariak munduko onenak direla pentsatuz. Batetik, beste bertsolaritzarik ez egoteak Euskal Herriko bertsolari txapelketa edo Euskal Herriko bertsolari zirkuitua, Munduko Bertsolari Txapelketa edo Munduko bertsolari zirkuitua izatea eragiten dutelako. Bestetik, ezagutzen ditugun gainontzeko kantu inprobisatuekin konparaketan, bertsolaritza delako sofistikatu eta garatuena, gure begietara. Beraz, badu zentzua Maialen Lujanbio edo Andoni Egaña munduko onenak direla pentsatu eta hobea ezin daitekeela izan pentsatzeak.

Nik, ordea, ezagutuko nuke mundu mailako bertsolaritza. Bertsolaritza Mundiala; lau urtez behin hura ere: Sidney 2026 edo Medellin 2030, adibidez. Gustura deskubrituko nituzke nor diren bertsolaritzako kenyar edo etiopiarrak.

Susmoa daukat geure munduan punta-puntan dabiltzan sortzaile askok nahiko lan izango luketela oholtzan leku egiten. Punta-puntan ez gabiltzanok, berriz, mahai bueltara mugatu beharko genuke gure jarduna. Lagun arteko pala partiduetara. Baina agian, batzuontzat, horrek behar luke gure lekua.

Ez dugu sekula jakingo nor den munduko bertsolari onena. Ezta Bertsolaritza Mundialean gutako bakoitzak zein leku izango lukeen ere. Lekurik ere ez genuke izango, akaso. Dena dela, beti izango ditugu geure munduko txapeldunak!

Geurean onenak