Haritzaren gorostia

Esti Arozena

Esti Arozena

2021-01-15

Haritzaren gorostia –

Jon Martinek eman omen dit lekukoa. Bere Haritzaren memoria eskertuz, haritzaren gorostiarekin hasiko dut nire blog honetako ibilbidea.

Haritzaren gorostia

Arg: Namiac (wikimedia)

Aritxulegitik ez urruti, Lesakako eskola mendi inguruan bada bertze harizti bat, eta hango haritz baten enborrean sortutako gorosti eder bat. Nik, nire kabuz ez nukeen ikusi ere egingo, baina beti dago norbait bidea aurkitzeko lorratzak emango dizkizuna eta hemendik aipamena nire aitzindariei, naturaren mirari horren kontzientzia emateagatik.

Badira bertso gorostiak modu naturalean birsortzen diren lurrak, baita Nafarroan ere, gutti batzuk. Baina gero eta beharrezkoagoa dute elikatuko dituen haritz baten laguntza, izan Bertsozale Elkartea, bertso eskola, bertsozale taldearena, norbanakoena edo aitzineko denena.

Zergatik ematen du haur batek izena bertso eskolan, Barañainen adibidez… Nolatan, zer motibaziokin… Hainbertze kirol eta kultur aktibitateen eskaintza izanik, bertso eskolarako tarte bat hartzen duen hori altxor gisara ikusi behar genuke. Play Station, Xbox, Youtube, Mugikorrak edota Disney chanelak itzali eta gugana hurbiltzen den gazte hori mimoz zaindu behar genuke bertso eskoletako irakasleok.

Nere asmoa ez da lezioak ematea ez eta mirariak egitea ere. 20 urtetik goiti daramatzat bertso eskolak ematen. Zerbaiti buruz aritu behar badut, eta ez hilero zeri buruz aritu bilatzen erotu, hauxe da eginen dudana: bertsoaren ikas prozesuaz, bertso eskolak emateko moduaz, arrakasta izaten duten ariketen inguruan… aritu nahiko nuke blog honetan. Horien inguruko hausnarketa pantailaratzean neronek ere zerbait ikasiko dudala ziur bainago.

Hilabetean behin, niri eman zizkidaten bezala, nik ere norbaiti bidea aurkitzeko lorratzak emateko saiakera bat baino ez dut egin nahi.   

Haritzaren gorostia