Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2025-06-30

Hil kanpaiak

Enkarguzko bertsoak beti izaten dira konpromiso deserosoak: norbaiten urtemuga ospakizunerako, haur jaioberria zoriontzeko edo ezkontzan kantatzeko. Hala ere, nabarmen okerrenak eskeletakoak dira. Hildakoa gertukoa bada, zerbait pertsonala eta bereziki dotorea prestatu nahi izaten da. Urrutikoa bada berriz, erreferentzia zehatzen faltan pottolokeria tipikoetara jotzen da. “Beti gogoan”, “Gugan biziko da” edo tankerakoetara.

Hil kanpaiak –

Hil kanpaiak
Arg: PxHere

Kantatzeko ere, benetan desatsegina behar du hileta errituaren baitan, eliza barruan jarduteak. Ostean txalorik gabeko oihartzun erreberberatu baten atariko. Hala ere, testuinguru honetan badira aipu original askoak. Iñaki Perurenak bere hilarrian jarriko omen lukeena adibidez: “Harri hau ez diat jasoko”.

Sasoiko norbait ezbeharrez zendu den bakoitzean, egunkaririk saldueneko orriak hurbilekoen agur laukiz betetzen zaizkigu. Beti aberastu izan dira batzuk, besteren zoritxarretik. Halaber, honetan ere tokiko komunikabideak indartzen eta erreferente bihurtzen ari dira. Umetan, ulertezina egiten zitzaidan zer dela eta irakurtzen zituzten helduek egunkariko eskelak. Orduan ez nintzen atrebitzen nortasun agirikoa moduko hilberrien argazki zuri beltzekoei begiratzera. Orain, parean tokatutakoan jakin mina pizten didate, eta ez dakit zerbaiten erakusgarri ez ote den…

Ehorzketa zeremoniak antzaldatzen doazen honetan, erritu ederra da azken agurraren karietara senide edo lagunak otordu baten bueltan elkartzea. Ni hiltzen naizen gauean behintzat/ eizue lo lasai-tik abiatuta, seguruenera gehienok geure hileta epikoa irudikatzen dugu. Ekitaldi esanguratsua bailitzan. Besteek alai oroit gaitzaten gustatuko litzaiguke, baina baita tristura puntu batekin ere, antzeman dadila onenak joaten direla. Jakina, gero urteurren bakoitzean oroitzapenak berritzea nahiko dugu, bizi gineneko pasadizoak gogora ekarriz, harik eta ahanzturan galdu arte. Inoiz ez du ordea norbera hiltzeko eguraldirik egingo.

Gaixoari oliadura emandakoan askotan inguratzen dira sarraskijaleak. Konta ezin ahala tirabira eragiten ditu etxeetan oinordekotzak. Azken aldian ugaritzen ari den joera jabetza soilaren da. Hil hurren, ondorengorik gabeko alargunek adibidez, beraien higiezinak saldu ditzakete, bizi diren bitartean erabiltzen jarraitzeko baldintzarekin. Horren truke, erostunak merkatu prezioa baino baxuagoan eskuratuko luke etxea. Lehenaz gain adinekoek zebra-bidea birritan begiratuta gurutzatzeko ez da motibo txarra.

Oso arazo modernoa lantzen du Idoia Landa Reza, zuzenbide zibileko adituak bere “Borondate digitala“ ikerlanean. Dirudienez, testamentu digital kontzeptuaren inguruan juridikoki argitu gabeko arrakala legislatiboak daude. Sare sozialetan edo antzekoetan gabiltzala, erabiltzaile guztiok arrasto edo identitate digital bat sortzen dugu. Beraz, harren bazka bihurtutakoan, bakoitzaren ondasun materialak bezalaxe, eraikitako perfilak ere kudeatu beharreko herentziaren parte dira.

Uste orokorraren arabera, zentzuzkoa lirudike zenbait bertsolariren burmuinak ikerketa zientifikorako dohaintzan ematea. Niri okurritzen zait bakarren bat gorputza ere eskaini behar lukeena, zenbaitena sailez apartekoa baita. Txirritak, ez zuen izango hil ondorengo egile eskubideen legediaren berri. Baina bere aipamenak 80 urtez iraun zezaten borondatea erakutsi zuen. Izan ere, artista orok nahi du bere obra noizbait herriak bereganatu dezan.

Baina idatzi edo kantatutako ondarea alde batera utzita, sorkuntzaren dinamikak ere badu bere balio immateriala. Antolatzaileekin kontaktu sarea, ohiturazko lekua oholtza gainean, ahozko kontratuak, esan nahi baita “plazaren ustiaketa eskubidea”. Bertsolari kontsakratu bat erretiratzen denean, espazio huts bat utziko du; oinordekotzan aukeratutako beste norbaiti esleitu diezaiokeena. Edo azken borondatea zein duen argitu ezean, edonork bete dezan utzi dezake bestela. Partizioa egitera, batzuk Oskorriren katuak baino testamentu luzeagoa dute, eta beste batzuk tertzerako hiletarekin konformatu behar. Denok lurrak gozo har gaitzala behintzat.

Hil kanpaiak  Hil kanpaiak